Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ana Garcia: "Lehentasuna taldeen kalitatea eta segurtasuna da"

Dokumentuaren akzioak

Ana Garcia: "Lehentasuna taldeen kalitatea eta segurtasuna da"

2020/07/23 11:00
Ana Garcia: "Lehentasuna taldeen kalitatea eta segurtasuna da"

Nazioarteko Folklore Jaialdia, Tahitiko dantzariak, Portugalete, 2019-07-20. Argazkia: Elai Alai

Portugaleteko 46. Folklore Jaialdian murgilduta behar genuen egun hauetan, baina pandemiak hankaz gora ipini du dantza jaialdia. Segurtasun neurri zorrotzak hartuta eta hilabete beranduago, abuztuaren 25etik 27ra egingo da aurtengoa. Ana Garcia Elai Alaiko kidea eta jaialdiko antolatzaileak azaldu digu martxoan ohartu zirela ezin izango zutela ohi bezala egin folklore jaialdia.

Ordurako hainbat talde lotuta zituzten; besteak beste, Bolivia, New Orleans, Georgia, Markesak eta Ginea Bissauko taldeak. Europako hainbat jaialdirekin elkarlanean ekarri ohi dituzte nazioarteko taldeak portugaletetarrek, baina ikusita jaialdi guztiak bertan behera gelditzen ari zirela beraiek ere alde batera utzi behar izan zuten hasieran aurreikusitako kartela, "baina ez da ezer pasatzen hurrengo urtean etorriko dira talde horiek".

Egoeraren aurrean aukera berriak pentsatzen hasi ziren eta horietako bat izan zen jaialdia abuztu bukaeran ospatzea. Burgos, Zamora eta Palentziako jaialdietako antolatzaileekin kolaborazioan taldeak lotzen ari dira, "diasporatik tiratzen ari gara". Zailtasun eta muga handiak daude nazioarteko bidaietarako, beraz hemen inguruan bizi diren, baina jatorriz atzerritarrak diren taldeekin jarri dira harremanetan. Bartzelonan bada sustrai perutarrak dituen Jallmay kultur elkartea eta Madrilen, berriz, Jammu ballet senegaldarra. Bestalde, Irlandako talde profesional batek ere konfirmatu die jaialdian parte hartuko dutela. Oraingoz, hiru talde horiekin hitzartu dute eta beste talderen bat lotu nahian dabiltza. "Lehentasuna taldeen kalitatea eta segurtasuna da", egoera berezia izanagatik ez dute taldeen maila jaitsi nahi. Nazioarteko taldeekin batera, jaialdiaren antolatzailea den Portugaleteko Elai Alai dantza taldea eta herriko Berriztasuna ere oholtzaratuko dira. Izan ere Berriztasunak aurtengoan 50. urteurren borobila ospatzen du.

Folklore Jaialdia
Nazioarteko Folklore Jaialdia, Elai Alaiko dantzariak, Portugalete, 2019-07-20. Argazkia: Elai Alai

Zailtasun ugari antolakuntzan

Konplikazio ugari batu zaizkie antolakuntzari dagokionez. "Ia bi astetako jaialdia izan ohi da besteetan, ikastetxeekin harremanak ditugu, bolondres askorekin kontatzen dugu, dantzarien arteko bizikidetza handia izaten da eta aurten ez da horrelako ezer izango". Segurtasun neurri guztiak hartzea eta ahalik eta zorrotzen betetzea da asmoa. Dantzariak aurten hotel batean egongo dira eta ahal den isolatuen mantenduko dituzte. Etorri aurretik PCR frogak egingo dituzte, segurua izango dute berrogeialdia egiteko beharra agertuz gero babestuta egon daitezen edota egoera berrira egokituta cateringa kontratatu dute jatorduetarako. Hiru eguneko jaialdia izango da eta taldeak bost bat egunez egon dira Euskal Herrian, "denboraz oso mugatua izango da eta harremanei dagokionez ere hotzagoa".

Folklore Jaialdia
Nazioarteko Folklore Jaialdia, Tahitiko dantzariak, Serbiako dantzariak, 2019-07-20. Argazkia: Elai Alai

Garciak hogeita zortzi urte daramatza jaialdia antolatzen, baina aurtengoa zerotik hastea bezala izan dela dio, "badirudi antolatzen dugun lehenengoa dela". Taldeak lotzeko zailtasunak, segurtasun neurriak, leku mugatua, talderen batek huts eginez gero ia alternatibarik ez...

Edukiera mugatuari erantzuna

Segurtasun distantziak mantentzeko dantza emanaldien edukiera guztiz mugatu dute, "2500 ikusletik 300ra mugatu behar izan dugu". Jende asko dantza saioak zuzenean ikusi ezinda geratuko da, baina abuztuaren 25ean ETB1ek emitituko du 22:30etatik aurrera eta 26an eta 27an streming bidez zabalduko dira emanaldiak.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.