Dokumentuaren akzioak
Polonian jaialdi batean parte hartzeko aukera
Ekainaren 27tik uztailaren 2ra Poloniako hegoaldean ospatuko den Nazioarteko Folklore Jaialdi batean parte hartzeko euskal dantza talde baten bila dabil jaialdiaren antolaketa. Berez hiru txandatan antolatu da euskal dantza taldeen parte hartzea jaialdian, eta dagoeneko bigarren eta hirugarren txandetan parte hartuko duten taldeak lotuta daude, Gipuzkoako eta Arabako talde bana hain zuzen ere. Bi talde horiek uztailaren 3tik aurrera arituko dira jaialdian. Lehen txandarako, ekainaren 27tik uztailaren 2rako talde bat behar da orain.
Lemko herriaren jaialdia
Swiat Pod Kyczera nazioarteko folklore jaialdia Poloniako Lemko herriaren inguruan antolatzen da, eta jaialdiaren antolatzailea Jerzy Starzynski da, Lemko folklore ikertzaile eta koreografoa eta Kyczera dantza talde lemkoaren zuzendaria. Festibala, Polonia hegoaldeko zenbait hiritan egingo da eta talde Lemkoez gain India, Txina, Mexiko, Italia eta Euskal Herriko taldeak izango dira bertan.
Jaialdiaren xehetasunak eta baldintzak
Lehen txandan parte hartuko lukeen euskal taldeak ekainaren 27an Legnicara iritsi eta biharamunean, 28 arratsaldean dantza egingo luke. Dantzak eszenatoki batean eta kalean ere egingo lirateke, 20 minutuko eta 3 minutuko bitarteko emanaldiekin. Uztailaren 1ean berandu edo 2an gosaldu ondoren irtengo litzateke etxe aldera. Taldea gehienez 30 lagunez osatutakoa izan daiteke, dantzari, musikari eta autobus gidariak barne, eta antolaketak taldeko kide guztien jatorduak eta lo-egiteko tokia emango dizkie. Horrez gain, Polonian bertan egingo liratekeen kilometroak ordaintzeko 30 litro gasoil 100 kilometroko estaliko lituzke. Euskal Herritik Poloniara autobusaren kostua dantza taldearen esku izango litzateke.
Kontaktua
Poloniako jaialdi honetan parte hartzeko interesa duten dantza taldeek dantzan.eus-en ondoko helbidera idatzi dezakezue eta Poloniako jaialdiarekin zubi-lanak egiten ari den Jonmikel Intsausti euskaldunarekin harremanetan jarriko zaituztegu: dantzari@dantzan.com
Dokumentuaren akzioak