Dokumentuaren akzioak
Pirinioetako dantza-jauzien topaleku izango da Arizkun
Pirinioetako dantzari komunitatearen elkargune izango da datorren larunbatean Arizkun. Piriniarrek landutako dantzakera estiloen ezagutza, ikerketa eta hedapena izango dira helburu. Maiatzaren 18an Arizkunen Piriniotan Dantzan eguna antolatu du Jo ala Jo Kultur Taldeak, Nafarroako Dantzarien Biltzarraren eta Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntzarekin. Arizkunen izango dira Luzaideko bolantak, Beskoitzeko Oinak Arin taldea, Zalgizeko dantzariak, Sent Per Lerengo dantzariak (Biarno) eta Baztandarrak dantza eskolako dantzariak.
Dantzari talde bakoitzak beren dantzak erakutsiko ditu egunean zehar, bakoitzak bere aldetik eta baita denek batera ere, bakoitzak bere moduan eta estiloan. Dantza berreginak plazaratzeko apustua ere egin dute. Dantza horiek tradizioen ikerketa eta analisi konparatuaren emaitza dira eta Baztandarrak Dantza Eskolako ikasleek dantzatuko dituzte. Bestalde, Migel Angel Sagaseta omenduko du Euskal Dantzarien Biltzarra jauzien bilketan eta hedapenean egindako lanagatik.
Pirinioetako dantza-sistema
Pirinio mendebaldeko bi isurialdeetan dantza-sistema zahar bat bizirik mantentzen da eta sistema hori osatzen duten dantzak dantza-jauziak dira. Zirkuluan dantzatzen diren dantza horiei dantza-jauziak edo jauziak deitzen zaie Euskal Herriko iparraldean eta Luzaiden. Batzuetan mutxikoak ere deitzen zaie, mutxikoak dantza-jauzi baten izena bada ere, balio generikoa hartu du. Biarnon saut izenez dira ezagunak eta Baztanen mutil-dantza izena hartzen dute.
Errepertorioa zabala da, eta orokorrean iraupen luzeko piezak izan ohi dira. Errepertorio koreografiko-musikal bera dantzatu izan da Pirinioetako bi isurialdeetan eta Biarnon; nahiz eta zonalde edo herri bakoitzak dantzakera propioak garatu dituen. Aberastasun horren erakusgarri izango da Piriniotan Dantzan eguna.
Egitaraua
-
11:00 Ibilaldia Kankailu eta gaitarekin
-
12:00 Herrialdeetako Jauzien Erakustaldia
-
13:00 Migel Angel Sagasetari aitortza Nafarroako Dantzarien Biltzarraren eskutik. Mutil-dantza herrikoiak.
-
17:00 Soka-dantza eta jauzi herrikoiak.
Dokumentuaren akzioak