Dokumentuaren akzioak
Pierre Gil, EDBko lehendakari ohia hil da
Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren blogak jaso du Pierre Gil (1929) dantza-zalearen heriotzaren abisua. Euskal Dantzarien Biltzarraren sorrera eta sustatze lanetan egin zen ezagun Pierre Gil, baina horiekin batera Lapurdiko dantzak berpiztu eta sustraitzeko egindako ekarpenak azpimarratu behar dira.
Thierry Truffaut-ek "Joaldun eta Kaskarot" liburuan kontatzen duenez, 1969an Pierre (Pierrot izendatzen du berak) Donibane Lohizuneko Begiraleak dantza taldeko arduraduna zen. Tokian tokiko dantzen eta dantza taldeen errepertorioaren arteko desberdintasunaz ohartuta, dantza taldeari bultzada emateko irakasle desberdin bat bilatu nahi izan zuen. Pierre Betelu konbentzitu zuen lan horretarako.
Pierre Gil eta Beti Beteluk Euskal Herriko hamaika jai bisitatu zituzten, dantzak ikusi eta filmatuz Truffaut-ek kontatzen duenez . Ikasitakoarekin dantza ikuskizunak eskaini nahi zituzten Begiraleak taldearekin baina haratago joan ziren. 1974-75 urteetan Argia eta Begiraleak dantza taldeek Lapurdiko inauteriak berregin zituzten eta berpiztea martxan jarri zen. 1981ean Lapurtarrak elkartea sortu zen, eta bertan aritu ziren Beti Betelu, Pierre Gil eta beste hainbat sustatzaile. Elkarte honen eskutik berpiztu zen 1982an inauteria Beskoitzen, eta beste hainbat herritako inauteriak berpizteko laguntza eskaini zuten.
Pierre Gil dantzazale eta dantza sustatzaileari azken agurra ostegun goizean egingo zaio Donibane Lohizunen.
Dokumentuaren akzioak