Dokumentuaren akzioak
Peter Brown maisua hil da
97 urterekin hil da Peter Brown dantzari, irakasle eta koreografoa. Donostiako Dantzako Kontserbatorioko irakaslea izan zen urte luzez, eta munduko ballet onenetan aritutako dantzari profesional askoren irakaslea izan zen.
1926an jaio zen Londresen, apirilaren 29an, Dantzaren Egunean hain zuzen. Dantzazalea zuen aita marinelak transmititu zion zaletatasuna. Txikitatik aritzen zen dantzan, klake eta antzeko dantza herrikoiak egiten. Hamabost urterekin ekin zien dantza klasikoko ikasketei. Zenbait konpainietan aritu zen, balleta edota musikalak egiten, Ingalaterran eta Ameriketako Estatu Batuetan.
Europa kontinentalera joateko erabakia hartu, eta Madrileko Mariemma konpainian ari zela ezagutu zuen Ageda Sarasua dantzari donostiarra. Ezkondu, eta Gipuzkoako hiriburura joan ziren bizitzera. 1959an hasi zen bertakoi kontserbatorian irakasle lanetan, erretiroa hartu zuen arte.
Deigarria eta azpimarratzekoa da Brownen ikasleen zerrenda. Maila goreneko konpainietan aritu, eta sari eta aitortza ugari jasotako hainbat dantzarik egin baitzituzten lehen urratsak donostiartutako ingeles irakaslearekin: Alicia Amatriain, Mentxu Medel, Hilde Koch, Xabier Urbeltz, Iñaki Azpillaga, Henry Brown (Peter eta Agedaren semea), Iratxe Ansa… Haren ikasle izatea kalitatearen eta bikaintasunaren zigilua zen. Brownekin joan zaigu dantza akademikoan Euskal Herrian izan den XX. mendeko irakasle nagusietako bat.
Dokumentuaren akzioak