Dokumentuaren akzioak
Patxi Perez-ek hainbat ikastaro eta saio eskainiko ditu Argentinan
2015eko urrtarrilaren 16tik otsailaren 17ra Argentinako hainbat euskal etxetan dantza ikastaroak eskainiko ditu Patxi Perez dantza irakasle eta dantzaldi dinamizatzaileak. Dantzaldi dinamizatuak egiten eskarmentu handia du Patxi Perezek, hiru hamarkada baitaramatza jardun horretan Patxi eta Batbiru, Tapia eta Leturia edo azken urteetan Patxi eta Konpainia taldeekin besteak beste. Nazioartean indarra zuten dantzaldi ereduak euskal dantzekin erabiltzen aitzindaria izan zen Patxi Perez.
Neoechean, San Sebastian eguneko festarekin ekingo dio birari Patxi Perezek Argentinan, eta euskal etxez euskal etxea Argentinako hainbat eskualde pasako ditu ibilbidea Patagonian bukatu arte. Bai dantza taldeekin, bai dantzarik ez dakitenekin, umeekin, euskara ikasleekin... denekin lan egin, dantzan egin eta dantzan gozatu eta gozarazteko prest dago Patxi Perez. Gaztelera gutxi dakiela iragarri dio Patxi Perez-ek euskalkultura albistariari, eta horri esker "dena euskaraz egin beharko" dutela. Lehen ere badu nahikoa eskarmentu Patxi Perez-ek horrelako egoeretan, eta dantzaren eta gorputzaren bitartez erraz komunikatzen da euskaraz ez dakitenekin ere.
Informazioa: Patxi Perez dantzaria Argentinan izango da ikastaroak ematen urtarrilean, zure elkartera ekarri nahi al duzu? (Euskalkultura.com)
Dokumentuaren akzioak