Dokumentuaren akzioak
129 urteren ondoren paloteadoa plazaratuko dute Corellan

Datorren larunbatean, mende luzez galduta egon ondoren, Corellan paloteadoa antzeztuko dute. 19:00etan izango da, Foruen Plazan. Nafarroako Erriberako zonaldeetan ohikoak diren paloteadoen gisan, dantza, musika, antzerkia, umorea eta kritika eramango dituzte oholtzara. Tambarria dantza taldea, Iruñeko Ortzadar folklore taldea, Alhama Antzerki Taldea (GAT) eta Tuterako Gaiteroek elkarlanean prestatu dute emanaldia.
Testigantzei tiraka
Azken urteetan han eta hemen berreskuratzen ari dira paloteadoak. Iaz Cintruénigon plazatu zuten eta aurten corellarren txanda iritsi da. Itxura denez herriko dantzari zaharrenen aztarnak agertzen diren dokumentuak 1670 eta 1671 urteetakoak dira, Iruñeko sanferminetan parte hartu zutenak. Azken paloteadoaren berri 1896ko ospakizunetan jasotzen da, ohiko egitura dramatikoarekin: aingerua eta deabrua, artzain-burura (mayorala, gazteleraz) eta artzaina (rabadán, gazteleraz).
Belaunaldi hartako lekukotasunak Julián Olloqui “el Centinela”-ri jaso zizkion Jose Maria Jimeno Jurio folkloristak. Honako kopla esaterako:
Don José, cuánto madruga usté. Madrugo porque tengo las cabras en el corral. La vecina de enfrente me la quiere robar”
Corellako doinu berezi baten oinarri izan da, eta Ortzadar taldeak berreskuratu zuen duela urte batzuk. Datu horiei tiraka, Tambarria elkarteak duela hiru urte pasatxo ikerketa-lanarekin hasi zen: datuak bildu, lekukotasunak jaso eta beste kultura-eragile batzuen lankidetza lortu nahi izan zuten. Duela urtebete aurkeztu zuten proiektua Corellako Udalean, eta erakundeak berehala onartu eta babestu zuen.
Antolatzaileek nabarmendu nahi dute atzera begira sortu duten emanaldia dela, baina guztiz garaikidea dela. Musikari dagokionez Tuterako Gaiteroek parte hartzeaz gain, Blas de la Serna musikari corellarraren doinuetan inspiratutako piezak sortu dituzte. Jantziak Fermín Teruel diseinatzaile nafarrak egin ditu eta Traje Regional eta MaraTelas enpresek josi dituzte.
Dokumentuaren akzioak