Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Ortzadarren Jardunaldiak

Dokumentuaren akzioak

Ortzadarren Jardunaldiak

2001/10/11 23:51

Ortzadar 1974. urtean sortu zen Iruñean
ORTZADAR Kultur Elkartea, Dantza eta Herri Musika talde bezala eratua. Bere helburuen artean bi ziren nagusiak: gure herriaren kultura tradizionalaren ikerketa eta zabalpena, hain zuzen. Hogeitabost urte hauetan aipatutako bi arlotan etengabeko jarduera izan ez ezik, 1984 urtetik aitzina folklorezale eta ikerleendako urteoroko topaketak antolatzen ditu: Folklore eta Kultura Tradizionalari buruzko Jardunaldiak.

Topaketa hauen lanik interesgarrienak eta garrantzitsuenak Ortzadar Elkarteak 1995. urtean ireki zuen argitalpen lerroan argitaratzen dira. Ortzadar Elkarteak ez du inongo menpekotasunik ez eta diru-etekinen helbururiko Nafarroako Gobernuaren "Bianako Printzea" Erakundearekin eta Iruñeko Udalarekin aspaldidanik elkarlanerako hitzarmenak ditu. Horrez gain Eusko Ikaskuntza eta Euskal Dantzarien Biltzarreko kidea da.

Folklore eta Kultura Tradizionalari buruzko Jardunaldiak
Jardunaldi hauen oinarrizko xedea Kultura Tradizionalak dituen aspektu eta esparru guztien ikasketen sakontze eta zabalpena da, eta era berean ikasketak eta ikerketak aurkezteko eta eztabaidatzeko elkargune bat eskeintzea. Aurkeztutako lanen maila dela eta ORTZADAR Elkartearen Jardunaldiek ospea eta komunitate zientifikoaren eta folklorezaleen onespena lortu dute. Edizio bakoitza gai bakarreko azterketari eskeintzen zaio eta landutako gaien artean aipa daitezke "Gizarte dantzak", "Festa Tradizionala eta hiri kultura", "Folklorea eta herrien nortasuna", "Emakumea Kultura Tradizionalean", "Mito, errito eta siniskerak", "Herri sendagintza", "Jazkera", "Ahozko transmisioa".

Partaide gehienak gure gertueneko inguru geografikokoak badira ere, ez dira faltan izan beste herrialdeetako partaidetzak (Arago, Kataluña, Gaztela, Kanariak...). Partaideen zerrenda luzean beraien lan zientifikoari esker ospe eta onespen haundiko pertsonak aurki ditzakegu, eta haien ondoan ikerlari gazteak. Beste batzuren artean honako hauek kausitzen dira: Antxon Agirre, José Luis Ansorena, Mikel Aranburu, Iñaki Arzoz, Alfredo Asiáin, Ignacio Ayestarán, Jesús Azcona, Ion Bagüés, Antonio Beltrán, Juan Mari Beltran, Jesús Biurrun, Xabier Dueñas, Antxon Erkoreka, Kepa Fernandez de Larrinoa, Juan Garmendia Larrañaga, Angel Goikoetxea, José Manuel Gómez-Tabanera, Jose Anjel Irigaray, Iñaki Irigoien, Xabier Itzaina, José María Jimeno Jurío, Roldán Jimeno, Enrique Jordá, Dolores Juliano, Josu Larrinaga, Fermín Leizaola, Juan Cruz Labeaga, María Teresa Navarro Salazar, Andrés Ortiz-Osés, José Manuel Pedrosa, Jesús Ramos, José Antonio Quijera, Juan A. Rubio Ardanaz, María Elisa Sánchez Sanz, Carlos Sánchez Equiza, José María Satrustegi, Josu Txueka, José Ulibarrena, Juan Antonio Urbeltz, Lola Valverde, Xarles Videgain, Juan Joxe Zubiri...

Jardunaldien edizio desberdinetan aurkeztutako lanak Eusko Ikaskuntzaren Saileko Koadernoak "Folklore" 3. zenbakian, 1986-1993 arteko "Bianako Printzea" Erakundearen "Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra" delako liburukietan, eta azkenik "SUKIL Cuadernos de Cultura Tradicional" delako hiru aleetan argitaratu izan dira, azken hauek 1995etik aitzina ORTZADAR elkarteak berak eginak.

Musika tradizionalak

1988ko azaroan Iruñean buruturiko "Musika, musikariak eta herri musika tresnak" gaiari buruzko III. Jardunaldietan zera agindu zen: "...musika hizkuntza unibertsala da eta hala da gizakien izaerari datxekion neurrian eta bere kultur ispirituala itxuratzen duen heinean. Hala ere, herri bakoitzak badu bere berezko musika, zeina bere nortasunaren adierazpen kolektiboa den, nahiz eta denboran eta espazioan beste herrietakoekin konpartitua izan. Elkarren arteko harreman hauen ikaskuntzak, ezaugarri komunak edo bereiztaileena, akulturazio eta zabalpen prozesuena, herri musika eta musika kultoaren arteko eraginena, ahozko transmisioarena, agiri historikoena, herri musikarien izaera eta bizimoduarena, musika tresnen ezaugarriena eta abarrena, gure eredu kulturalei buruz, gure izaerari buruz apur bat gehiago ezagutzea ekarriko digu". Jardunaldi beretan, amaierako saioan zenbait ikertze lerroak aipatu ziren: "...iraganeko ondare instrumentala jasotzea hala nola bere jotzeko erak, herri musika tresnen bilakaera ebolutiboa aintzinako tresnetatik abiatuta, esparru geografiko eta nagusitasun instrumentalen ikaskuntza konparatua, erronka musikaletan eta melodikoetan antzeman daitezkeen eraginen bilakaera, eta musikari herrikoi ospetsuen oroitzapenak jaso".
Iragandako urte hauetan aunitz dira aldatutako erronkak. Agian aspekturik garrantzitsuena "globalizazio" delako hori da. Jatorri ekonomikoa duen fenomeno honek blaitu egin du joan den mendearen amaiera eta mende berri honen hasierako diskurtsoa, hala nola gizarte prozesuak. Lehenago ikusigabeko garapen teknologikoan oinarritua, fenomeno paregabe honek daukan balizko ontasuna, planetako edozein adierazpen kulturalaren merkantilizazioak, kontsumo-gaia bihurtzeak eta ezinezko lehiakortasun industrialera derrigortzeak iluntzen dute. Guzti honengatik oso interesgarria iduritzen zaigu globalizazioak eta merkataltzeak herri kulturan eta bereziki musika tradizionaletan daukaten eragina, lan lerroa izan dadila. Testuinguru honetan planteatzen dugu garai hontako gizartean musika tradizionalek daukaten oraina eta geroa, beren kultur azokarekiko egokitzapena, jai eta errito esparruekiko artikulazioa, nortasun prozesuarekikoa, ideologiarekikoa, folklorearen sortze eta bizitze dinamikak...
Globalizazioari hestuki lotuta kultur tradizionaleetako transmisio prozesuetan komunikabideen eragina aurkitzen da. Izan ere, ahozko tradizioarekin harreman hestuak dituzten kultura tradizionaleko aspektuak izan dira, gure inguruan bederen, masa-komunikabideen (irratia eta TB) aurrerapena eta difusioaren eraginak gehien nabaritu dituztenak, hala nola beste transmisiobideenak ere (eskolatzea, diska enpresak...). Beste aspektu honek (beste aldetik aurrekoarekin hertsiki lotuta ere) oso garrantzia haundia dauka ondare musikalaren kontserbazioan. Horren froga kultur adierazpen propioak jaso dezan eskola curriculumaren garrantzia ondare herrikoia mantentzeko garaian (musikak, musika-tresnak...) Eskola munduko esperientzen alderatzea, joera berrien proposamena, praxi musikalen aldaketan, mantentze eta zabalpenean komunikabideek daukaten eragina,...ikaskuntza xehea behar duten hainbat esparruak dira.
Musikari herrikoiak (egun halakorik dagoenetan) ere bil ditzake beste hainbeste ikaslerroak, edota musika tresna tradizionalen ekoizpenaren garapena artisautzatik ekoizpen industrialera, esparru hauetan lan egiten duten erakunde eta taldeen izatea, kultur politika ezberdinak, etab.
Azkenik, uste dugu azpimarratzekoak direla Etnomusikologia Unibertsitatearen munduan sartzeak musika tradizionalaren ikerketan eta ikaskuntzan eragin dituen aurrerapenak. Agian legitimazio eta batze horren fruituak ikusteko garaia heldu da.

Aurten Jardunaldien antolakuntza batzorderako helburuetako bat Sail Irekiaren berreskurapena izango da, zeinean proposaturiko gaitik at, aurkeztu ahal izango diren kultura tradizionaleko beste alorretako lanak ere.

Jardunaldiak 2001eko urriaren 22-27ra Iruñean burutuko dira, entzulegoari irekiak izango direlarik. Informazio gehiago nahi duenak edota izen eman nahi duenak Jardunaldien Idazkaritzara zuzendu beharko du bere eskaria, hau dohainik izango delarik.

Lan aurkezpena
Batzorde antolatzaileak zenbait ponentzia agindu ditu, bainan interesaturik dagoen orori gonbidatu nahi dio bere argitaratu gabeko lanak aurkeztera. Egileek ekainaren 15a baino lehen igorri beharko dute lana behin-behineko izenburuarekin, egile/en izena eta lanbide aipatuz, eta kontaktu helbideak (etxe helbidea, telefonoa, faxa, posta elektronikoa).

Behin-betiko testua urriaren 1 baino lehen helarazi beharko da euskarri informatikoan (Word edo bateragarria), 15 orrialdetako gehienezko luzaerarekin. Honi erantsiko zaio 15-20 lerrotako laburpena testua ez dagoen bi hizkuntzetan.
Baieztatu eta geroagoko argitaratzera begira Batzorde zientifiko batek baloratuko ditu aurkeztutako txostenak eta proposatutako gaiari egokitzapena hauek Sukil-eko laugarren alea osatzeko.

Jardunaldi hauek Nafarroako Gobernuko eta Iruñeko Udaletxeko dirulaguntzekin antolatuko dira.

Secretaría de las Jornadas
Descalzos Kalea, 65 behea
Tfnoa./faxa: 948 223 107
E-mail: ortzadar@ortzadar.org
31001 Iruña

Dokumentuaren akzioak

besugo
2004/09/22 23:03

ieup!
Oso gaizki iruditzen zaigu ez delako agertzen guk nahi degun hitzaren definizioa beraz hau nahiko desfasatua dago.Honako hitz hauen definizioak nahi genituzke bide batez zemuz hago hi?:totema, komunioa,apaiza eta xamana...aio pelaio!!!

eskerrik jauna gure karta irakurtzeagatik!kontuan hartuko duzulakoan muxuk!

haizetxo eta alaznetx
2004/09/22 23:02

ieup!
Oso gaizki iruditzen zaigu ez delako agertzen guk nahi degun hitzaren definizioa beraz hau nahiko desfasatua dago.Honako hitz hauen definizioak nahi genituzke bide batez zemuz hago hi?:totema, komunioa,apaiza eta xamana...aio pelaio!!!

eskerrik jauna gure karta irakurtzeagatik!kontuan hartuko duzulakoan muxuk!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.