Dokumentuaren akzioak
Umetako ametsa bete du Ion Agirretxek On Kixote balleta dantzatuz
Hamar urte zituen Ion Agirretxek On Kixote balleta lehen aldiz ikusi zuenean. Gaixorik zegoen eta hura ikusita dantzari izan nahi zuela erabaki zuen. Ametsa bete du egunotan dantzari donostiarrak, Flandeseko Erret Balletak eskainitako On Kixote balletean Basilioren papera dantzatu baitu. Poz handia, ametsak bete dituenaren poza sentitu dute Ion Agirretxek eta bere ingurukoek egunotan.
On Kixote balleta 1869. urtean estreinatu zen Moskun, Bolshoin, Marius Petiparen koreografia eta Ludwing Minkus-en musikarekin. Alexey Fadeechev-en koreografiarekin eskaini berri du Flandeseko Balletak On Kixote. Cervantes-en nobelaren bigarren zatian kokatzen da balleta, Kitri, merkatari katalanaren alaba ederra eta Basilio bizarginaren arteko maitasun historian. Otsailaren 11an, Ganten eskainitako emanaldian dantzatu zuen Basilio protagonistaren papera Ion Agirretxek.
Hiru urte daramatzate Ion Agirretxek eta bere bikote Cristina Casas-ek Flandeseko Balletean. Corella Balletean eta haren ondoren sortu zen Barcelona Balletean aritu dira biak Anberes-era joan aurretik, eta egindako lanaren emaitzak ikusten hasi da orain dantzari donostiarra.
Dokumentuaren akzioak