Kaskarotak, bolantak eta Lapurdiko dantzarien genealogia berria

2026/10/19
Kaskarotak, bolantak eta Lapurdiko dantzarien genealogia berria

Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.

“Guretzat tradizioa beti aurrera doa, eta gaurko gazteek nahi dutena egin behar dute, baina kodeak mantenduz eta kodeak haien erara aldarrikatuz eta aldatuz”, azaldu du Jon Olazkuagak, Maritzuli Konpainiak Baionako Kalostran antolatutako Zeina: Kaskarotak, Bolantak, atzoko eta gaurko dantzariak erakusketaren harira. Irailean ikusgai egon den erakusketak Lapurdiko kaskaroten eta haien inguruko dantzarien historia aztertu du, XVI. mendeko lekukotasunetatik gaur egunera arte. Jantziak, artxiboko dokumentuak eta ikerketak oinarri hartuta, dantzarien funtzioa, jantzien kodeak eta generoari buruzko gogoetak azaldu dituzte.

Claude Iruretagoiena mikrofonoan eta Jon Olazkuaga eskuinean Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketan, Baiona, 2026-09.

Olazkuagak Ainize Madariagari azaldu dizkio erakusketaren nondik norakoak Euskal Irratietako On Daizielan Dantzan irratsaioan.

Lapurdiko dantzarien genealogia

Maritzuli Konpainiak Lapurdiko kaskaroten historia eta haien inguruko dantzarien genealogia osatzeko ikerketa egin du. Horretarako, XVI. mendeko lehen lekukotasunetatik abiatu dira, eta bidaiarien kontakizunak, hiriko artxiboetako agiriak, dantzarien aipamenak eta gaur egungo ikertzaileen lanak bildu dituzte. Kaskarotez gain, haien ahaide diren bolantak, Zuberoako maskaradetako dantzariak eta Biarnoko dantzariak ere hartu dituzte kontuan.

Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.
Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.

“Lehen aldiz agerian ematen dugu nola lekukotasunez lekukotasun joaten ahal garen atzera denboran”, azaldu du Olazkuagak. Ikerketa horren bidez, “dantzarien jatorriaz gain, dantzak gizartean izan duen garrantzia eta dantzariek herrietan bete dituzten funtzioak ere erakutsi nahi izan ditugu”.

Erakusketa ez da jantzien bilduma hutsa. 120 jantzi ingururen bidez, dantza egiteko moduen bilakaera eta dantzarien nortasuna aztertu dituzte, eta iraganeko lekukotasunak gaur egungo praktikekin lotu dituzte.

Tradizioa bizirik dago, eta aldatu egiten da

Olazkuagaren arabera, dantzen eta jantzien bilakaera ulertzea ezinbestekoa da tradizioa bizirik mantentzeko; “zintzarriak, esaterako, Lapurdiko dantzarien ezaugarri garrantzitsuak izan dira historikoki, eta jantzietan zein errituetan hainbat sinbolo eta kode gorde dira”. Erakusketaren asmoetako bat gaur egungo dantzariei elementu horien esanahia ezagutaraztea da, haiek zer egin erabaki ahal izan dezaten.

Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.
Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.

“Gure ideia ez da gauzak antzinako kontuetan blokeatzea”, dio Olazkuagak. Tradizioa ez du iraganeko moldeak bere horretan errepikatzea bezala ulertzen, etengabe aldatzen den zerbait bezala baizik. Horregatik, gaurko dantzariek kode historikoak ezagutzea nahi dute, baina baita beren erara interpretatu eta aldatzeko aukera izatea ere.

Generoa eta gaur egungo dantzariak

Erakusketak gaur egungo gizarteari lotutako galderak ere planteatzen ditu, bereziki generoaren inguruan. Emakumeak errituetan berriz sartzeak eta dantzarien genero-adierazpenak gogoetarako bidea ireki dute: “Gure dantzen eta dantza erritualen ezaugarrietako bat da dantzariaren edo pertsonaren generoa ahazten ahal dugula erritualaren faborez”.

Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.
Maritzuli konpainiaren Zeina erakusketa, Baiona, 2026-09.

Ez du uste erakusketa gai denik generoaren inguruko eztabaida sakon osoa egiteko; baina gako batzuk eman nahi izan dituzte, dantzariek eta gazte-taldeek beren hausnarketak egin ditzaten. Erakusketak 18.700 bisitari izan ditu, eta helburua izan da bertaratutakoei iraganeko dantzak eta haien kodeak ezagutaraztea; gaur egungo dantzariek tradizio horrekin zer egin nahi duten erabakitzeko tresnak izan ditzaten.