Dokumentuaren akzioak
Olaeta Balletak Jaietan eta Itzulera ikuskizun berria estreinatuko du
Bihar bertan, azaroaren 6an, ikuskizun berria estreinatuko dute Olaeta Balletek Bilboko Arriaga Antzokian. Kepa Junkera eta Juan Carlos Perezen musika, Jone Goirizelaia eta Asier Zabaletaren koreografiak eta Kirmen Uriberen gidoia ditu besteak beste ikuskizun berriak. Bi zati izango ditu emanaldiak, lehengo obra Jaietan izango da eta bigarrena Itzulera. Bietan Kissar Esemble orkestra arituko da, Asier Eguskitzaren zuzendaritzapean. Ostiralean estreinatuko bada ere, larunbatean, azaroaren 7an bigarren emanaldi bat eskainiko dute. Bi emanaldiak Arriaga Antzokian izango dira, iluntzeko 20:00etan. Olaeta Balletek, beren ohiko lan egiteko erari jarraituz, euskal folklorea eta balleta uztartuko dituzte lehen zatian eta euskal folklorea ballet garaikidearekin bigarrenean.
Jaietan
Lau eta hamabi urte bitarteko haurrak dira obra honetako protagonistak. Euskal folklorea eta ballet klasikoa uztartzen dira ikuskizuneko zati honetan. Kostaldeko herri bateko bizitza eta jaien ospakizuna erakutsiko dute. Jaiak nola antolatzen eta ospatzen diren irudikatuko dute. Arrantzaleak, egunak itsasoan igaro ondoren, etxera itzuliko dira jaiak ospatzera.
Obraren koreografoak eta gidoigileak Jone Goirizelaia eta Mari Carmen Muñoz izan dira. Haurrek eta gaztetxoek musika herrikoiarekin, Kepa Junkeraren konposaketekin eta José Luis Francoren orkestrarako piezekin dantzatuko dute; Josu Pérezek zuzentzen duen Ugaoko Sarea abesbatzak lagundurik.
Itzulera
Ikuskizunaren bigarren zatia Olaeta Balleteko helduek dantzatuko dute. Oraingoan, euskal folklorea ballet garaikidearekin nahastuko dute. Andima Ibiñagabeitia euskal idazlearen azken egunak kontatzen ditu ikuskizuneko bigarren zatiak. 1967an, Caracasen dago erbesteratuta eta hainbeste urteren ostean Bilborako itzulera prestatzen hasten da. Gaixorik dago eta amets egiten du hegazkinez doala eta leihatilatik Bizkaiko txokoak ikusten dituela: bere haurtzaroko Elantxobe, bonbardatutako Gernika, Gorbeia inguruko baserriak eta Bilbo industriala. Hainbeste desio duen itzulera Jon Mirande adiskideari kontatuko dio eskutitz baten bidez. Baina eskutitz hori ez zen inoiz idatzi, eta Ibiñagabeitia ez zen inoiz itzuli bere jaioterrira. Heriotza aurreko ametsa baino ez zen izan.
Juan Carlos Perezen musika oinarri bezala hartu eta musikaren gainean aritu dira lanean Kirmen Uribe idazlea gidoiarekin eta Asier Zabaleta koreografoa dantzarekin.
Olaeta Balletak: Jaietan eta Itzulera
- 2015eko azaroaren 6an eta 7an
- Bilbo, Arriaga Antzokia
Informazioa: Jaietan eta Itzulera (Olaeta Ballet Elkartea)
Dokumentuaren akzioak