Dokumentuaren akzioak
Boise-ko Oinkariko belaunaldi ezberdinak elkarrekin ariko dira 2010eko "Jaialdi"n
Euskal diasporako talde esanguratsuenetakoa dugu Amerikako Estatu Batuetako (AEBetako) Boiseko Oinkari. Heldu den urtean ospatuko dute taldearen 50. urteurrena eta dagoeneko ospakizunak prestatzeko lanetan ari dira. 2010.eneko uztailaren 28tik abuztuaren 1era ospatuko dute ere Boisen Jaialdi, Nazioarteko euskal kulturaren jaialdi handia. Zita berezi horrekin bat eginda, taldetik pasatako belaunaldi ezberdinetako dantzariekin emanaldi berezi bat prestatu nahi dute uztailaren 31rako.
AEB-etan inoiz egin izan dan euskal dantzarien topaketarik handiena izanen dela diote, izan ere, 750 dantzari inguru pasa baita Oinkaritik azken 50 urte hauetan eta horietako asko bilduko dira heldu den urteko emanaldi berezi horretan.
Oinkari dantza taldeak duela 50 urte izan zuen bere lehen emanaldia, urteroko artzainen topaketa batean. Ordutik hona, dantzaren bitartez, euskal nortasuna barreiatu dute Estatu Batuetan zehar. Besteak beste 1964. urtean New York-en egin zen Erakusteka Unibertsalean dantzatu izan dute. Oinkari, AEBtako mendebaldeko beste dantza talde batzuk sortzeko txinparta ere izan da neurri batean, bertan aritutako zenbait dantzarik sortu izan dituztelako beste dantza talde batzuk, bizitokia aldatuta.
1960. urtean Boiseko hogei urteko euskal amerikar gazte talde batek Euskal Herrira bidaia egin zuen bertako zenbait dantza ikasteko asmoz. Oinkari izeneko talde batekin aritu ziren Al Erquiaga, Delphina eta Diana Urresti, Toni Murelaga Achabale, Simon Achabale, Clarine Anchustegui eta Bea Solosabal. Dantza horiek Boisera eraman eta dantza talde bat sortzeko idea bururatu zitzaien. Horrela sortu zen Boiseko Oinkari dantza taldea.
50 urte ondoren haien sorrera ospatzeko sasoiko dira oraindik!
(Euskal Kazetan irakurria)
Dokumentuaren akzioak