Dokumentuaren akzioak
Nafarroako hiru inauteri kultur ondasun izateko bidean
Ituren, Zubieta eta Lantzeko inauteriak materiagabeko kultur ondasun izanen dira aurki. Izan ere, Nafarroako Gobernuak hori lortzeko lehen urratsak eman ditu berriki. Izendapen horren helburua zera da, jai eta ospakizun tradizional hauek gorde eta babestea.
Unescok 2003. urtean materiagabeko kultur ondarea zaintzeko onartutako konbentzioaren baitan kokatzen da Ituren, Zubieta eta Lantzeko inauteriak babesteko ekimen hau. Beste jai tradizional batzuk ere materiagabeko kultur ondasun izendatzeko atea zabalduko da gisa honetan. Nafarroan garrantzitsuak diren besta hauekin materiagabeko ondasunen inbentario bat egitea da asmoa.
Hartara, ospakizunok ikertu, aztertu, dokumentatu, erregistratu eta euskarri ezberdinetan bilduak izanen dira etorkizuneko belaunaldiek ezagutu, baloratu eta zaindu ditzaten.
Materiagabeko kultur ondasuna
Unescok honela definitzen du materiagabeko kultur ondasuna: komunitateek, taldeek eta zenbait kasutan norbanakoek haien ondasun kulturaltzat hartzen dituzten usadio, errepresentazio, adierazpen, ezagupen eta tekniken multzoa. Finean, ahozkotasun tradizio eta adierazpenak, usadioak, erritualak, bestak eta beste. Bizirik dagoen ondasun mota hau arriskuan dago globalizazioa tarteko eta izendapen hauekin babestu eta zabaltzea da helburua.
Dokumentuaren akzioak