Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Move, bost dantza mundu erakusten dituen Netflixeko seriea

Dokumentuaren akzioak

Move, bost dantza mundu erakusten dituen Netflixeko seriea

2020/11/30 08:40
Move, bost dantza mundu erakusten dituen Netflixeko seriea

Akram Khan Company

Bost kapituluz osatutako dantzari buruzko serie-dokumentala da Move eta Netflix plataforman dago ikusgai. Thierry Demaizière-k eta Alban Teurlai-k zuzendu duten lanak sei koreograforen historiak kontatzen ditu. Koreografoekin batera bakoitzak lantzen duen dantza arloa erakusten du dokumentalak; ikuspegi oso pertsonaletik, begirada zabalagora irekita. 

Serieak honako artisten bizitzak eta lanak erakusten ditu: Jon Boogz eta Lil Buck-en hip-hopa Los Angelesen (EEBB); Ohad Naharin-en gaga Tel Aviven (Israel); Israel Galvanen flamenkoa Sevillan (Espainia); Kimiko Versatile-n dancehalla Kingstonen (Jamaika) eta Akram Khan-en kathaka Londresen (Erresuma Batuak). 

Dantzari eta koreografoen ibilbideak, historia pertsonalak, indargunea eta ahulguneak... erakusten ditu lanak. Gorabeherak gorabehera, beren gorputzen bidez, mundu artistiko konplexuan nola egin duten aurrera erakusten da.

Jon Boogz eta Lil Buck

Lil Buck and Jon Boogz, Dancing to Improve the World - The New York Times

Jon Boogz-ek eta Lil Buck-ek popping-a eta jooking-a erabiltzen dituzte historiak kontatzeko. Kaleko dantzekin oholtzarako pausoa eman dute. Bata Memphisen eta bestea Miamin jaio ziren, baina biak bandak, drogak eta biolentzia eguneroko ogi diren auzoetan eta familia desegituratuetan hazi ziren. Dantza mundu horietatik irteteko bidea izan da. Bi dantzarien amek bikotekideen tratu txarrak jasan zituzten eta ihes egin behar izan zuten. Ez zuten sekula pentsatuko beraien semeak ospetsu bihurtuko zirenik. Boogz-ek eta Lil Buck-ek umetan bizitako errealitateak ezkutatu beharrean oholtzan erakusten dute adierazpen politiko modura.

Ohad Naharin

Move | Netflix Official Site

Gaga lengoaiaren sortzailea da Ohad Naharin. Gizakiaren gorputzaren erresistentzia frogan jartzen du; adina edozein dela ere. Batsheva Dance Company-ko koreografoa da eta gaga metodoa sortu zuen ez zekielako nola komunikatu dantzariekin. Orain lanerako eta bizitzarako tresna da gaga berarentzat. Bere lana Israel eta Palestinaren arteko gatazkak zipriztindu izan du. Berak dio ez dela bere asmoa ikuskizunen bidez bere iritzi politikoa transmititzea, baina ideologiak bidea irekitzen duela.

Israel Galván

Move | Sitio oficial de Netflix

Israel Galvan flamenko dantzaria da, eta mundu horretan hazi da ume-umetatik. Guraso biak dantzariak ditu eta haien emanaldietan hasi zen oholtzara irteten. Egun, sona internazionaleko dantzaria da. Bere lanen bidez genero arauak zalantzan jarri eta banaketa horren inguruko hausnarketa egiten du. Gurasoek gogor hartu zuten etxean eta familiarekiko desohore modura hartu zuten semeak hartutako sorkuntzarako bidea. Denborarekin onartu dute dantzariak egin duen ibilbidea eta balioan jarri dute artista internazional moduan egin duen lana eta dantzari bezala duen gaitasun ikaragarria.

Kimiko Versatile

Move | Sitio oficial de Netflix

Dancehall-a dantzatzen du Kimiko Versatilek, baina kontzientzia feministatik. Kingstoneko dancehalleko izartzat jotzen da. Reggae, hip hop eta “perreo”aren uztarketa da dancehalla; orain arte gehienbat gizonek dantzatua. Kimiko Versatilek bere konpainia sortu eta inguruko gizonezkoei erronka bota die. Dantza borrokarako eta emakumeen ahalduntzerako tresna moduan erabiltzen du; Kingstoneko ghettoetako giro toxiko eta matxistan.

Akram Khan

Move | Netflix Official Site

Akram Khan-ek magia eta oroitzapenekin jolasten du bere piezatan eta kathak izeneko Indiako dantza tradizionalarekin konektatzen da. Londresen hazi da Akram Khan, baina Bangladeshen du jatorria. Bere aitak familiak Londresen duen jatetxe indiarraren ardura hartzea nahi zuen, baina berak familia girotik alde egiteko beharra sentitu izan du, eta horretarako dantza erabili du. Hala ere, ez dio bere jatorriari uko egin, berak sortzen duen dantzaren oinarria kathakean baitago. Umetatik amaren bidez ikasi du dantza mota hori.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.