Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Mikel Pontesta lezoar dantzari eta dantza-maisuak azken kabriola eman du

Dokumentuaren akzioak

Mikel Pontesta lezoar dantzari eta dantza-maisuak azken kabriola eman du

2021/07/23 09:50
Mikel Pontesta lezoar dantzari eta dantza-maisuak azken kabriola eman du

Mikel Pontesta, Dantza filmaren grabazioan. Argazkia: Jose Luis Lopez "Fiti"

Mikel Pontesta Garmendia (Lezo, 1955) dantzaria hil da. Herrian bertan hasi zuen dantzari ibilbidea, eta Donostiara egin zuen jauzi segituan. Allerru, Goizaldi eta Argia dantzari taldeetan ibili da, eta hainbat txapelketatan ere parte hartu izan du. Pasaian Euskal Herriko izendapenarekin jokatu zen lehen aurresku txapelketa irabazi zuen.

Mikel Pontesta 1981 Aurresku txapelduna Pasaian
Mikel Pontesa, Pasaian jokatu zen I. aurresku txapelketan, 1981. urtean.

Lezoko Allerru dantza taldean aritu zen 14 urtera arte eta hamasei urterekin, 1972an, Xixilio Gastesi errenteriarraren bidez iritsi zen Goizaldira. Iñaki Gordejuela izan zuen dantza-maisu, eta haren bideari jarraipena eman zion. Gordejuela eta Iñaki Arregirekin batera Gipuzkoako dantzen ikastaroak eskaintzen ibili zen han eta hemen. Goizaldiko dantzari, dantza-maisua, eta zuzendari artistikoa izan da. Pasaian ospatzen den gipuzkoar erako Euskal Herriko aurresku txapelketako lehenengo txapela irabazi zuen 1981ean.

Mikel Pontesta
Mikel Pontesta. Argazkia: Lamia

Goizaldiko dantzari moduan Argiaren hainbat ikuskizunetan hartu zuen parte Pontestak. Juan Antonio Urbeltzek 1988ko Zortziko ikuskizunerako zenbait taldetako dantzariak bildu zituenenean hasi zen. Han ezagutu zuen Amaia Urruzmendi Argiako dantzaria, ondoren emaztea izango zuena, eta urte luzez aritu ziren dantzan Argian. Taldekide izan ziren eta gerora ondorengoei dantzarekiko maitasuna eta zaletasuna transmititzen jakin izan dute.

Mikel Pontesta eta Amaia Urruzmendi
Mikel Pontesta eta Amaia Urruzmendi.

Dantzari fina eta jostaria zela nabarmendu dute ingurukoek, eta taldean agertzen zuen umore eta jarrera bereziarekin gelditu dira asko. Taldea osatzeko berezko sena zuen; Jose Joan Ugaldek idatzitako Lezo Dantzari libururako egin zioten elkarrizketan zioen moduan: “Beti disfrutatu izan dut entseguetan oholtzan edo emanalditan baino gehiago”.

Igande honetan egingo zaio agurra, uztailaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan Igeldoko frontoian.

Dokumentuaren akzioak

2021/07/23 10:37
Goierri aldean oso dantzari on eta pertsona hobe gisa ezagutu genuen, baita zituen ezagutza eta izaera alai eta eskuzabala disfrutatzeko modua izan ere.
Aurtzakako lagun guztion partetik besarkada haundi-haundi bat gertukoei eta familiari.
2021/07/23 12:36
Dantzari bikaina, pertsona atsegin eta alaia. Doluminak familia eta lagunei.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.