Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantza-jauziak Amikuzen 1960ko hamarkadan Michel Verdieren kameratik ikusita

Dokumentuaren akzioak

Dantza-jauziak Amikuzen 1960ko hamarkadan Michel Verdieren kameratik ikusita

2018/04/18 11:00
Dantza-jauziak Amikuzen 1960ko hamarkadan Michel Verdieren kameratik ikusita

Dantza-jauziak 1965, Amikuze. Irudia: Michel Verdiere

Gaur egun nekez aurkitu daitekeen dantza-jauziak dantzatzeko estilo edo manera anitzaz, airosoza, askeaz, pertsonalitatez betetakoaz gozatu daiteke Michel Verdierek 1965ean Amikuzen (Bithirina eta Iholdi) grabaturiko dantza-bideoetan. 

Aurrez banaka argitaratu genituen Verdierek leku eta une desberdinetan grabatu zituen, soinurik gabeko dantza-irudiak jasotzen dituzten sei bideoak, oraingoan denak batera jaso ditugu sarrera honetan. Lehenengo bostetan zuri-beltzeko irudiak ageri zaizkigu, baina azkenengoan koloretakoak. Irudiak ilun xamar badaude ere duela 50 urteko dantzakera ikusteko eta bereizteko balio handiko irudiak dira.

Aurrez banan-banan argitaratu genituen, baina denak batera bildu nahi izan ditugu oraingoan. Aiko taldeak Urraska: Dantza Jauziak-Sagasetaren bidetik disko-liburuan argitara eman zituen irudiok 2010ean.

Verdiere 01 Amikuze 1965 dantza-jauziak

Lehen bideo honetan, gizon zein emakume, kalez jantzitako dantzari edadetu taldetxo bat jauziak dantzatzen ageri da pilotaleku batean. Ondoko sekuentzia batean gabota ematen ari direla dirudi. Hurrenez hurren erdizka lauetan, antrexatak edo jauziak eta borobilaren erdirako urratsen esaldiak izan litezke. Hurrengo ikus daitezkeen jauziaren pausoak, berriz, marianak edo aitzina pikaren bigarren zatiari dagozkiola ematen du.

Verdiere 02 Iholdi 1965 Bordarrampe: dantza-jauzien urratsak

Bordarrampe dantza-maisuari Iholdin Michel Verdierek grabaturiko urratsak ikus ditzakegu irudiotan. Duela mende erdi Amikuze aldean dantza-jauziak markatzeko zegoen estiloetako bat ikus dezakegu Bordarramperen eskutik, edo hanketatik, hobeto esanda. Izan ere urratsak banaka ageri dira gerritik behera grabatuak eta mozketaren hasieran pausoaren izena irakur dezakagu

Verdiere 03 Amikuze 1965 Bordarrampe: dantza-jauziak

Jauziak dantzatzen ageri dira kalez jantzitako zenbait gizonezko. Gehienez ere hiru pertsona ikus ditzakegun arren, bati, hedadetuenari, txapelaz, egiten dio jarraipena bereziki kamerak. Aurreko bideoan jauzien urratsak markatzen ageri zaigun Jean Bordarrampe dantzan-maisua bera da. Urratsak banan-banan markatzetik dantza-maisua, zuzenean dantzan ikustera dagoen aldeaz ohar gaitezke.

Verdiere 04 Amikuze 1965 bolant-dantza

Besta Berri edo Kabalkadaren bateko entsegu baten irudiak izan daitezke hauek, Michel Verdierek 1965ean grabaturikoak. Amikuzeko eskualdean hartutako irudiak badira ere momentuz zein herri ote den ezin izan dugu deskubritu. Kalez jantzitako dantzari helduak ageri dira, gizonezko zein emakumezko bi ilaratan bolant-dantzan datozenak. Bukaera aldera musikariak ere ageri dira taldearen ezkerretara; metalezko instrumentuak eta soinu handiak ikus ditzakegu.

Verdiere 05 Amikuze 1965 dantza-jauziak

Batzuek zigarroa eskuan dutela edo eskua poltsikoan beste zenbaitek, dantzakera patxadatsua ikus dezakegu irudiotan. Desplazamenduak txikiak dira eta leku gutxian borobiltzen dituzte urratsak, beti ere kortak atzera ixten dituztela. Bada une batzuetan nabarmrnzen den dantzaririk, biziago dantzatuaz ala urratsa loratuaz: zote zein doblak bueltan zenbaitetan, erdizkamuxeta antzerako batekin hastea, edo erdizkaren bukaeran jauzi egitea. Gizon zein emakumez osatutako taldea jauziak dantzatzen grabatu zituen.

Verdiere 06 Iholdi 1965 dantza-jauziak

Ustez, aurreko bideoen urte eta sail berekoa izan arren koloretan ikus ditzakegun irudi bakarrak dira honakoak. Iholdiko pilotalekuko plazan ari dira borobil handi batean dantzan gazte zein hedadetu, emakume zein gizonezko. Inguruan begira ere jende ugari ageri da eta jai egunen bat dela ematen du.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.