Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Arabako landa inauteriak batuko dira Kanpezun

Dokumentuaren akzioak

Arabako landa inauteriak batuko dira Kanpezun

2025/10/07 07:15
Arabako landa inauteriak batuko dira Kanpezun

Zalduondo, inauteriak, 2009-02-22. Argazkia: CC-BY-SA - Dantzan

Maskaraba topaketetan Arabako landa inauterietako mozorroak batuko dira Kanpezun; tradizio herrikoiak zaindu, biziberritu eta partekatzeko asmoarekin. Urriaren 25ean izango da Maskarabaren bigarren edizioa. Aurreko urtean ospatu zen jaia lehen aldiz, orduan Zalduondo izan zen topalekua.

Maskaraba

Maskaraba Arabako Landa Inauterien Kultur Elkartearen (AHIK) ekimenez sortu zen, Arabako hainbat herritan ospatzen diren landa-inauterietako pertsonaiak, erritualak, maskarak, ekitaldiak.... batzeko. Horrela, kultura-adierazpen horiek ikusarazi, haien ezagutza sustatu, belaunaldi gazteenak inplikatu eta herriak batzeko jai-gunea sortu nahi izan da.

Lehenengo edizioa Zalduondon egin zen 2024ko azaroaren 16an, eta bertan Salcedo, Ilarduia, Egino eta Andoin, Kanpezu, Kuartango, Zalduondo, Oion eta Guardiako taldeak bildu ziren.

Kanpezun da festa

Jardunaldia urriaren 25ean izango da, Kanpezun, eta programa zabala antolatu dute: kalejirak, hitzaldiak, kontzertuak... Arabako hainbat inauterietatik aparte Eltziegoko Katximorro eta bere dantzariak ere bertan izango dira. Arabako taldeez gain, Luzongo (Guadalajara) Deabruak eta Maskaritak izango dira talde gonbidatu gisa.

Jarduerei dagokienez, haurrei zuzendutako ekintzak izango dira hainbat txokotan eta, gainera, bertaratzen diren guztiek taldeetako kideekin batera bazkaltzeko aukera izango dute. Aurrez egongo dira salgai herri bazkariko txartelak. Horretarako, antolakuntzarekin harremanetan jarri behar da sare sozialen bidez (@mask.araba Instagramen edo Maskaraba Facebooken).

Egitaraua

  • 11:00 Hitzaldia Kultur Etxean: Talde gonbidatuak bere pertsonaiak eta errituak azaltzeko emango duen hitzaldi batekin hasiko da eguna.
  • 12:30 Haurrentzako jarduera Samuel Picaza plazan.
  • 12:30 Aitzina Ceol Taldearen kontzertua: Euskal folka Samuel Picaza plazan izango da, Aitzina Folk jaialdiarekin elkarlanean.
  • 14:00 Herri bazkaria: Jende guztiak taldeekin bazkaldu ahal izango du frontoian, dagokion txartela erosi ondoren.
  • 17:00 Landa Inauterien eta Botargen desfilea: Lurraldeko talde esanguratsuenak Santikurutze Kanpezuko kaleetan barrena ibiliko dira, maskara eta pertsonaia tradizionalekin, herria kolorez eta bizitzaz betez.
  • 18:00 Pertsonaiei epaiketa.
  • 19:30 Lekittoko Deabruak taldearen ikuskizun piroteknikoa.
  • 22:00 DJ Watxin Machinek itxiko du eguna, bertaratutako guztiak dantzan jarriko dituen saio moderno batekin.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.