Dokumentuaren akzioak
Dantzaz beteta dator Bilboko Loraldia festibala
Lau dantza proposamen izango dira aurtengo Loraldia jaialdian: Aura teatroaren Txak txak, Mizel Thereten Diagonalean zehar, Haatik konpainiaren Errimak bi bertsotan eta Elirale konpainiaren O!. Bestalde, Aukeran konpainia eta Amaia Elizaran Alos Quartet laukotearen kontzertuan izango dira. Martxoaren 10etik 29ra hainbat diziplina artistikoetako produkzio berriak eta estreinaldiak aurkeztuko dira Bilboko Loraldia festibalean. Hamaika desira! lema aukeratu diote aurtengo festibalari. Askotariko diziplina eta formatuak aurkeztuko baitira. Aurtengo edizioan teatroa, dantza, musika, literatura, zinema, gastronomia eta bertsolaritza presente izango dira.
Rafa Eizagirre, Iñaki Maruri, Bitxor Pastor eta Ander Sanchezek musika eta dantza uztartuko dituzte martxoaren 13an; klakea, txalaparta eta pianoa. Ezpata-dantza jazz mundura eramanda, afrikar eta asiar erritmoak agertuko dira edota alakiketa bat umorez josiko dute. Martxoaren 15ean, Diagonalean zehar koreografia plazaratuko du Mizel Theret iparraldeko dantza sortzaile garaikideak. Esku pilotarien keinua du abiapuntu. Pilotariaren keinuak testuingurutik atera eta dantza abstraktu bihurtuko dira.
Haatik dantza konpainiak martxoaren 19an Errimak bi oinetan ikuskizuna plazaratuko du. Garai bateko, gaurko eta emanaldirako sortutako bertsoekin osatutako ikuskizuna da. Bertsoen erritmora egingo dute dantza bost dantzarik. Azkenik, dantza garaikidea gertutik bizitzeko aukera izango da martxoaren 21ean. Pantxika Telleriaren Elirale konpainiak O! lana eramango du oholtzara.
Dantza ikuskizun horiez gain, martxoaren 21ean Alos Quartet laukoteak emango duen kontzertuan dantzari gonbidatuak izango dira. Laukoteak 20. urteurren kontzertua eskainiko du Euskalduna Jauregian eta bertan izango dira Aukeran Dantza Konpainia eta Amaia Elizaran dantzaria.
Dantza egitaraua
Martxoak 13
- 20:00 Aura Teatro: Txak txak BBK aretoan
Martxoak 15
- 19:00 Mizel Theret: Diagonalean Zehar La Fundicionen
Martxoak 19 osteguna
- 19:00 Haatik: Errimak bi oinetan. Azkuna zentroan
Martxoak 21 larunbata
- 20:30 Alos Quartet XX urte Euskalduna jauregian
Informazioa: Loraldia festibala 2020
Dokumentuaren akzioak