Dokumentuaren akzioak
Erriberaren identitatea oinarri izango duen Laya dantza taldea osatu dute Tuteran
Erriberako hainbat herritako dantzari gazteak elkartu eta Laya dantza taldea sortu dute Tuteran. Abenduaren 24an atera ziren kalera talde moduan lehenengo aldiz, baina ez dira zerotik hasi. Badira ia 25 urte Laya elkartea sortu zela, Erriberako dantzarien eta erraldoien konpartsen inguruan lanean hasi zirela. Dantza taldeen sorrera sustatu zuten eta haien artean kooperatiba erako antolaketa hauspotu zuten. Erriberako hainbat herritako dantzariekin dantza talde komunak sortzen zituzten.
Ia mende laurden pasata, Tutera inguruetako dantzariak zein Tuterako udal dantza taldeko eta erraldoi taldean aritzen diren kideek dantza talde bat sortzeko gogoa azaldu dutela azaldu digu Patxi Labordak, Laya elkartearen bultzatzaileetakoak; "ikusi da badela garaia, dantza taldeen kooperatiba beharrean hainbat herritako dantzariz osatutako dantza taldea osatzekoa. Helburua da Erribera identitate moduan lantzea".
Laya elkarteari jarraipena emanez, izena mantendu egin dute osatu berri den dantza taldearentzat. Gehienak dantza talderen batean ibilitako gazteak dira, baina bada inoiz dantzan aritu gabekoren bat ere. Tuterako, Monteagudoko, Cabanillasko, Ribaforadako... 20-30 urte bitarteko gazteek osatu dute dantza taldea. Iñigo Castellano dabil dantza-maisu eta koreografiekin eta laguntzen ari da Patxi Laborda. Astean bi aldiz entseatzen dute Tuterako Barrio de Lourdes-eko Kultur Etxean.
Orain arte formazio teorikoa eta praktikoarekin aritu direla kontatu digu Labordak, "Dantza talde moduan aukera edo perspektiba asko daude, horiek ikusi ditugu eta horietatik abiatuta gazteek berain burua non kokatu nahi duten erabakitzeko bidea ireki diegu". Formazioen eta hausnarketen ondoren, Laya dantza taldeak hartu duen eredua da, dantza talde eragile izatea; egutegiko festa egunetako eragile.
Hori horrela, abenduaren 24an atera ziren dantzara Olentzeroren desfilean. Aurrez segizio horretan ikastolako haurrek koreografiatxo batzuk egin izan dituztela azaldu digu Labordak, baina Layak beste eredu bat proposatu du: "Ikusi genuen ingurutxo bat egokia izan zitekeela hor dantzatzeko eta hala egin genuen, nahiko modu naturalean, inprobisazio kutsu batekin". Laister soka-dantzaren inguruko formazioarekin hasiko dira, gero Tuteran soka-dantza bat atera dezaten. Urtarrilaren amaierako dantzaldia ere antolatuta dute.
Dokumentuaren akzioak