Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Lasala eta Jordi Vilaseca Dantza Hirian jaialdiaren Aterpean programan

Dokumentuaren akzioak

Lasala eta Jordi Vilaseca Dantza Hirian jaialdiaren Aterpean programan

2014/07/30 11:25

Dantza Hirian mugaz gaindiko jaialdiak sortutako artista egoiliarrentzako Aterpean programak uztailean harrera egingo die Lasala konpainiari eta Jordi Vilaseca koreografoari, hiri-espazioetarako bi dantza-lan berri sor ditzaten.

Joan den maiatzean, Dantza Hirian, Baiona-Donostia Eurohirian garatzen den mugaz gaindiko jaialdi ibiltariak, ATERPEAN artista egoiliarrentzako programaren zazpigarren edizioaren deialdiari ekin zion, hiri-espazioetan gaur egungo dantza sortu, ikertu eta ezagutzera emateko eta sorkuntza-prozesuak publiko mota desberdinengana hurbildu daitezela errazteko helburuarekin.

Aurkeztutako hamabost proiektuetatik ondorengo hauek hautatu zituzten; Lasala konpainia (Donostia) eta Jordi Vilaseca koreografoa (Bartzelona). Proiektuen aukeraketan arreta berezia eskaini zitzaien Akitaniatik eta Euskaditik etorritako proposamenei, euskal kulturarekin, bertako historiarekin eta hizkuntzarekin... elkarrizketa koreografiko bat finkatzen zutenei, eta era berean, kultura horretako elementu desberdinak eta gaur egungo koreografia-hizkuntza bat erabiliz hori berrasmatu eta islatu nahi zutenei. 

Halaber, sorkuntza-prozesua publiko desberdinekin partekatzeko modu berriak sustatzearren artistak darabilen ikuspegia balioetsi zen, bai publiko kolektibo bereziekin (dibertsitate funtzionala duten pertsonekin, haurrekin, hirugarren adinekoekin...) eta bai publiko orokorrarekin ere.

Sorkuntza-lan berriak: Lauesku eta 36,5o 

Gero eta ezagunagoa egiten ari den LASALA konpainia gipuzkoarreko Judith Argomaniz koreografoak “LAUESKU” proposatu du, hiru dantzarirentzat prestatutako euskal pilotari buruzko sorkuntza-lan bat. Pilota-partida baten bitartez, joko-arauak zalantzan jartzen dituzten hainbat egoera aurkezten dira. LAUESKU lanaren interpreteak hauek izango dira; JUDITH ARGOMANIZ, JAIOTZ OSA eta LIONEL AH-SOU (Dantzaz Konpainiatik etorria).

VILASECAren “36,5oC” lana break dancearen eta gaur egungo dantzaren ezagutzari buruzko gogoeta, elkarrizketa, kritika eta zabalkundea bilatzen duen lan bat da. Sorkuntza-lan honetako partaideak gaur egungo dantzaren heziketa jaso duten breakdanceko dantzari dira: CHEY JURADO, aurten hirugarren aldiz jarraian Red Bull BC One lehiaketa ospetsuaren final nazionala irabazi duena eta azaroaren 30ean Seul hirian (Hego Korea) Espainiaren ordezkari izango dena, LAURA JIMÉNEZ.

Egonaldi horiek hiru asteko iraupena izango dute artista bakoitzarentzat eta CCN Malandain Ballet Biarritzeko Gare de Midi, Dantzagunea (Errenteria), Egiako Kultura Etxea (Donostia) eta Mendi Zolan (Hendaia) egoitzetan egingo dira. 

Egonaldiak irauten duen bitartean, konpainiek harreman zuzena edukiko dute Eurohiriaren lurraldeko biztanleekin, hainbat jarduera eginez (tailerrak, topaketak...), bere esperientziak ikusleekin trukatzeko eta dantza-obra baten sormen-prozesua ezagutzera emateko asmoz. Sorkuntza-lan berriak Dantza Hirian jaialdiaren hurrengo edizioan estreinatuko dira, irailean.

Asier Zabaleta, Iker Gómez, Izaskun Lapaza, Eneko Alcaraz eta Iker Larrue koreografoak eta, horiekin batera, Kukai, Anakrusa eta Androphine konpainiak Aterpean programatik igaro dira 2008az geroztik. 

Eusko Jaurlaritzaren, Akitaniako Erregioaren, Donostia 2016 ekimenaren, Gipuzkoako Aldundiaren, Euskal Kultur Erakundearen, Biarritzeko CCN Malandain Balleten eta Hendaiako Udalaren laguntza jasotzen du Aterpean programak.

JORDI VILASECA KONPAINIAREN EGONALDIAK
Uztailaren 7tik 13ra Dantzagunean (Errenteria)
Uztailaren 14tik 20ra Mendi Zolan (Hendaia)
Uztailaren 21etik 27ra Egiako Kultura Etxean (Donostia)

SENTSIBILIZAZIO-EKINTZAK (SORKUNTZA-PROZESURA HURBILTZEA)
Uztailak 11 / Dantzagunea > Entsegu irekia (publiko orokorra)
Uztailak 18 / Mendi Zolan > Topaketa (ezinduak helduak)
Uztailak 24 / Egiako Kultura Etxea > Entsegu irekia (neska-mutilak)

JUDITH ARGOMANIZ KONPAINIAREN EGONALDIAK
Uztailaren 14tik 20ra Egiako Kultura Etxean (Donostia)
Uztailaren 21etik 27ra Biarritzeko CCN Malandain Balleten
Uztailaren 28tik abuztuaren 1era Dantzagunean (Errenteria)

SENTSIBILIZAZIO-EKINTZAK (SORKUNTZA-PROZESURA HURBILTZEA)
Uztailak 17 / Egiako Kultura Etxea > Topaketa (pilotariak)
Uztailak 25 / Garde de Midi > Entsegu irekia (publiko orokorra)
Uztailak 30 / Dantzagunea > Entsegu irekia (publiko orokorra)

IBILBIDEA Judith Argomaniz (Donostia). Koreografoa eta interpretea
Dantza klasikoko ikasketak bere jaioterrian hasi zituen, Donostian. 2005. urtean Ballet Biarritz Junior konpainiako partaide bihurtuko da eta Thierry Malandainen
piezak interpretatuko ditu. Bartzelonara joango da gero, Institut del Teatren hasiko da eta Gaur Egungo Dantza espezialitatean graduatuko da. 2009an Madrilera aldatuko da eta María de Ávila Goi Mailako Dantza Kontserbatorioan osatuko ditu bere ikasketak, Virginia Valeroren zuzendaritzapean, eta  karrera-amaierako proiektuan kalifikaziorik gorena erdietsiz lizentziatuko da. Epealdi horretan, besteak beste, Nacho Duato, La Macana, Iker Arrue eta Laura Vila eta Shlomi Bittonen lanak interpretatuko ditu.

2012an Amaury Dance Companyko partaide bihurtuko da. 2013an LASALA konpainia sortuko du, dantza eta argazkigintzatik etorritako artistek osatua. HOOKED izeneko bere lehen obrak, HOOKED(still) obraren laburpen batek, hainbat sari jaso ditu koreografia-lehiaketetan Frantzian, Madrilen eta Katalunian.

Jordi Vilasecaren IBILBIDEA (Bartzelona). Koreografoa eta interpretea
Eskarmentu handiko dantzaria eta sortzaile gaztea, Jordi Vilaseca gero eta ezagunagoa egiten ari da estatu mailan. Duen dantza-heziketa zabala eta  heterogeneoa da eta balletaren alorrean, besteak beste, Mauro Galindo, Marta Munsó eta Bárbara Kasprowich bezalako irakasleak izan ditu, eta gaur egungo dantzarenean, berriz, Ramón Oller eta Keith Morino. Jordi Vilaseca Bartzelonako Institut del Teatren graduatua dago. 

Interprete gisa, Estatu barruko nahiz kanpoko konpainietan egin du ibilbidea, hala nola Noordans, Metros, Lanònima Imperial, Plan B, Larumbe Danza, Steptex Dance Company eta Entremans. Horrez gain, Centro Coreográfico Galegoren proiektuetan parte hartu du, Roberto Oliván koreografo gisa aritutako O kiosko das almas perdidas lanean eta Cisco Aznarrek sortutako Giseliña lanean. Ibilbide horri esker zenbait sari jaso izan ditu, esate baterako Burgos-Nueva York Lehiaketa Koreografikoan, ADAEk antolatutako lehiaketa koreografikoan eta Castellóko Hiria Estatuko Lehiaketan. 2010ean, Jordi Vilasecak eta Toño Monzón ekoizleak d_ruses Proiektua eratu zuten mugimenduaren arteei buruz eta gaur egungo sorkuntza-lanei buruz. Berarekin POR, 1+7, Cara de mimbre, Citeaux eta 5 (Cinco) lanak estreinatu ditu.

Erlazionatutako elementuak
Lasala: Hooked

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.