Dokumentuaren akzioak
Larraineko maskarada Iruñean izan zen
Arratsaldean Burgoen Plazan izan zen funtzio nagusia eta eragozpenen bat edo beste izan genuen arren, emaitza ona izan zuela uste dugu taldekideok. Aldez aurretik prest geneuzkan haririk gabeko mikroak hainbat pertsonaiek euren predikua ozen bota zezaten, baina udalaren inhibitzaileak zirela-eta, ez zebiltzan ongi. Horrek asko baldintzatu zuen saioa, plaza handia baita eta ahotsa galtzen zen. Traba hori kenduta, maskaradak berea egin zuen arratsaldean ere, medio asko etorri zen berria biltzera, jende andana publikoan, eta oro har, balorazio positiboa egin dugu ekitaldiaz.
Balorazioa egiteko orduan ezin atzendu dugu Muthiko Alaiak eta Iruña Taldearen laguntza, egun osoan aritu baikinen elkarrekin eta ahalegin handia egin baitzuten haiek ere dena bikain ateratzeko. Bestalde, hainbat laguntzaile edo babesle ere izan ditugu, Lekunberriko Maskarada denda adibidez, jarduera iragartzen zuen kartela harena baita (arrakasta ikaragarria izan du marrazkiak!), edo Afica, kalitatezko
zerbitzuen aholkulariak, emandako laguntza ekonomikoa. Ezin ahaztu ere Katu taberna eta Iruñazarra tabernak prestatutako barrikada eta emandako harrera eskuzabala.
Horiei denei eskerrik asko zinez. Denen artean lan polita egin dugu, duina, kulturari mesedea egin zaio hitzordu honekin Iruñean, eta kontuan hartuta gauzarik gehienak herri-ekimenetik egin behar izaten direla, harro gaude jendearen erantzunaz, erakutsi den lan gaitasunaz (beste behin). Bi herriak hurbildu izana garrantzitsua deritzogu, batzuek eta besteek elkarrengandik maizago edateko.
Larraineko gazteei eskerrik anitx! gurera gogoz eta ilusioz etortzeagatik, bai baitakigu Iruñea biziki maite dutela, eta kontrakoa iruditzen bazaigu ere, bazter hauetan euskal kulturaz gozatzeko aukera paregabea dela diotelako. Zer ikasi eta zer irakatsi badugu denek ere!
Ortzadar pozik da egindako lanarekin eta beste hamaika proiektu gauzatzen jarraituko duenaren esperantzaz, lagun eta laguntzaile guztiei, bejondeizuela!
Dokumentuaren akzioak