Dokumentuaren akzioak
Kresala dantza taldeak bederatzi eguneko itzulia egin du Ekuadorren
Ekuadorren dantzan izan dira Donostiako Kresala dantza taldeko kideak. Faustino Aranzabal eta Idoia Ibarzabal dantza-maisuen gidaritzapean 20 dantzarik ikuskizunak, ikastaroak eta hitzaldiak eskaini dituzte Hegoamerikako herrialdean. Ambatoko Nazioarteko Folklore Jaialdian dantzatu dute eta ondoren Quito eta Ibarran ere emanaldiak eskaini dituzte. Kresala dantza taldearen Zeruko ikuskizuneko hamabi obra sakondu eta aurkeztu dituzte itzulian zehar.
Ambatoko Jaialdia
Ambatoko 69. Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartu dute talde gonbidatu berezi bezala otsailaren 21etik 25era. Lehenengo egunean nazioarteko delegazioek ongi etorria jaso dute Javier Altamirano Ambato herriko alkatearen, udal ordezkarien eta antolatzaileen eskutik. Lehenengo aldiz jaialdia interkontinentala izan da. Mexiko, Indonesia, Costa Rica, Bolivia, Ecuador eta Euskal Herriko konpainiek dantzatu dute.
Kresalakoek guztira zortzi emanaldi eman dituzte jaialdian. San Juan Bautista de Amabato herrian, arratsaldero ordu-erdiko bi emanaldi eskaini dituzte. Horrez gain, Kresalako dantza-maisuek Ekuadorreko 18 dantza irakasleei goizero bi orduko tailerrak eman dizkiete. Gipuzkoako, Zuberoako eta Durangaldeako dantza-sistemak landu dituzte.
Ambato herriak bizi duen urteko festa garairik garrantzitsuena ezagutu dute donostiarrek; Loreen eta Fruten Jaialdia. Egunez zein gauez herri guztiak ospatzen du festa eta jaian murgilduta hainbat txoko ezagun bisitatu ahal izan dituzte.
Quito eta Ibarra
Ambatoko jaialdia amaituta, otsailaren 26an Quito hiriburura egin dute saltoa. Auditorio de la Universidad Andina Simón Bolivar unibertsitateko auditorioan ordu beteko bi emanaldi egin dituzte. Ambatoko festa giroa alde batera utzita, unibertsitate giroko irakasle eta ikasleak izan dituzte ikusle. Itzuliko azken bi egunak Ibarra herrian egin dituzte. Bi gauetan Zeruko ikuskizunaren programa osoa aurkeztu dute Teatro Nacional Gran Colombia antzokian.
Kresalak Zeruko ikuskizuneko dantza errepertorioa aurkeztu du Ekuadorren eta harrera ezin hobe egin diote. Emanaldi guztietako sarrerak agortu dira eta ikusleen berotasuna eta gertutasuna sentitu dituztela adierazi dute Kresalako kideek. Otsailaren 29an bederatzi eguneko itzulia amaitu eta atzo itzuli ziren etxera.
Dokumentuaren akzioak