Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kaskarotak 2026

Dokumentuaren akzioak

Kaskarotak 2026

2026/02/11 13:00
Kaskarotak 2026

Kaskarotak, Donibane Lohizunea, 2025-02-02. Argazkiak: Amaiur Aristi - Dantzan CC-BY-SA

Urtarriletik kalez kale, etxez etxe eta baserriz baserri dantzan, kantuan eta festan dabiltza kaskarotak. Goiztiarrenak martxan dira eta gainerakoak datozen asteetan aterako dira; martxora arte luzatuko dute festa askok. Aurten honako herrietako kaskaroten irtenaldiak izango direla jaso du IDBk: Beskoitze, Uztaritze, Hazparne, Itsasu, Bardoze, Kanbo, Hiriburu, Donibane Lohizune eta Ziburu. Martxen doinura eta erritmora mugitu ohi dira alde batetik bestera eta geldialdietan hainbat dantza egiten dituzte; besteak beste, xinple, marmutx, makila-txiki, makila-handi, dantza-jauziak, fandangoa... Ponpier eta kotilungorri izeneko pertsonaiak ere taldearen parte dira, banderariak eta gorriak ere bai batzuetan, eta zenbait leku eta unetan Hartza ere agertu izan da.

Inauteri garaian Lapurdin eske errondak egiten dituzten gazte taldeak dira kaskarotak. Barne festa izan ohi da gehienetan, askotan etxe barruetan orduak igarotzen dituzte jan-edanean, kantuan eta festan, baina ibilbidean zehar parean tokatzen badira, zortekoa zu. Beraz, bukaeran irtenaldi guztiak jaso baditugu ere, datozen ikustera joateko egokiak izan daitezkeenak zerrendatu ditugu lehendabizi, itxura batean, plazaren batean eta herri kaskoan izango direnak. 

Kaskarotak 2026 ekitaldi nagusiak

Otsailak 14 larunbata

  • Hazparne: Eihartzeko kaskarotak zentroan
  • Kanbo: Kaskaroten 20. urteurrena

Otsailak 15 igandea

  • Beskoitze: kaskarotak plazan
  • Uztaritze: kaskarotak Uztaritzen

Martxoak 1 igandea

  • Donibane Lohizune: Kaskarotak zentroan

Martxoak 7 larunbata

  • Bardoze: Kaskarotak zentroan

Kaskarotak Beskoitze
Kaskarotak, Beskoitze, 2019-02-16. Argazkia: Jokin Artola - Dantzan CC-BY-SA
 

Kaskaroten joan-etorriak eta inauterietan izaten dituzten saioak ikus ditzagun, hemen iragarri dituzten irtenaldi guztien zerrenda herriz herri:

  • Beskoitze: urtarrilak 31, otsailak 1, 7, 8 auzoetan eta otsailak 15 plazan.
  • Uztaritze: urtarrilak 31 Baionan, otsailak 1 Astobizkarren eta Zokorrondon (auzoak), otsailak 7 Arruntzan (auzoa), otsailak 8 Heraitzen (auzoa), otsailak 15 Uztaritzen.
  • Hazparne: Eihartzeko kaskarotak otsailak 8 eta 14 zentroan eta Hegalkako kaskarotak otsailak 15 eta 22 auzoetatik.
  • Itsasu: urtarrilak 31, otsailak 1, 7, 8 eta 14.
  • Bardoze: otsailak 21 eta 28 etxez etxe; eta martxoak 7 zentroan.
  • Kanbo: otsailak 14 kaskaroten 20. urteurrena eta otsailak 15, 21, 22. 
  • Hiriburu: otsailak 14, 15.
  • Donibane Lohizune eta Ziburu: otsailak 21 auzoetan, otsailak 28 Ziburun eta martxoak 1 Donibane zentroan.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.