Dokumentuaren akzioak
Kabalkadak Luzaide, Izpura eta Baigorrin Pazko igandez
Aste Santuan bete betean gaudela, Pazko igandez hain zuzen, kabalkada ezberdinak ospatuko dira Nafarroa Garaia eta Beherean. Luzaiden bolantak, Izpuran kabalkada eta Baigorrin Nafarroaren egunean parte hartuko duten dantzariak ikusteko aukera izango da hortaz datorren apirilaren 24ean.
Eguerdiko 12:00ak aldera karrikaratuko dira ziratepeko, gorri, zapuri, makilari eta bolant koloretsuak Luzaiden. Hauen atzetik, urtero legez, "atxo ta tupinak" ibiliko dira Martxa dantzatuz plazan sartzen diren arte. Ondoren, plazan bertan, edota eguraldi txarra eginez gero herriko frontoian, bolant-iantzak, dantza-jauziak, kalapita-dantzak eta makilarien dantzak dantzatzen dituzte Luzaidetarrek.
Izpuran, aldiz, herriko kabalkaden 30. urteurrena ospatzeko libertimendua edo kabalkada egingo da. Egun horretarako, herriko gazteek deialdi bat egin dute bertako adinekoek festan parte hartu dezaten. Goizeko 9:30ean Izpurako Faustin Bentaberry aretotik aterako da desfilea. Herritiari itzulia egin, eta 11:00etan meza ospatuko da hogeita hamar urte hauetan zendutako dantzari eta lagunei tarte bat eskainiz. Bazkalostean, 16:30etan izan da ikuskizuna. Azken 20 urteotan bezala Ezpeletako Txarangak lagunduta dantzatuko dute.
Azkenik, Baigorrin ere izango da dantzarako tarterik, Nafarroaren egunerako egitarau zabala prestatu baitute antolatzaileek. Goizean Kabalkada izango da hemen ere, desfilea, kalejira alegia. Honetan, adibidez, Baigorri, Burlata eta Amikuzeko ziganteak, Garaztarrak, Otsagiko dantzariak, joaldunak, Nafarroako Gaiteroak, Uztaritzeko txaranga, Txistulariak, trikitilariak... ikusteko aukera izango da.
Dokumentuaren akzioak