Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Kabalkadak Aiziritzen 1989ko otsailaren 12an

Dokumentuaren akzioak

Kabalkadak Aiziritzen 1989ko otsailaren 12an

Tradizioaren arabera, Kabalkadak neguan antolatu eta egin behar ziren, inauteri aroan, hain zuzen ere. Hori kontuan izanik, Burgantzi Dantza Taldeak ospakizun horri lotutako emanaldi bat egitea erabaki zuen, eta hala, 1989ko igande-inauterian, dantza sorta aurkeztu zuten Nafarroa Behereko Aiziritze herrian.

Zapurrak, Xigantiak, Besta gorriak eta Makilaria aurretik dira eta segizio zabala dator atzetik: Bolantak, Basa andereak, Hartza, dantzari-emakumeak eta gizon-emakume bikoteak; musikariek jarritako erritmoari jarraika dantzan denak ere; aski ezagunak dira musikariok, izan ere, gehienak urtero-urtero Luzaideko Kabalkadetan jo ohi dutenak dira. Ondorengo urteetan, Burgaintzik txaranga osatu zuen eta Kabalkadetako dantzak jasotzen dituzten diskak argitaratu zituen.

Ohikoak diren Martxa eta Makilariena, Eskualdunak, Sorginak, Hegi, Marianak, Ostalerrak, Muxikoak ezaguna eta Kontradantzez gain, Maitena deritzen bost herri-dantza aurkeztu zituzten aurreneko aldiz.

Filmaren errepertorio osoa

Goizean:

  • Martxa
  • Bolant Jantza
  • Makilariena
  • Eskualdunak
  • Sorginak
  • Maitena (1)
  • Maitena (2)
  • Maitena (3)
  • Maitena (4)
  • Maitena (5)
  • Muxikoak
  • Hegi
  • Marianak

 

Arratsaldean:

  • Martxa
  • Bolant Jantza
  • Antrexantak
  • Makilariena
  • Eskualdunak
  • Sorginak
  • Lehen Kontrajantza
  • Hirugarren Kontrajantza
  • Laugarren Kontrajantza
  • Gau Aiñerak
  • Zazpi Jautziak
  • Hegi
  • Muxikoak
  • Marianak
  • Ostalerrak

 

Hemen aurkezten den grabazioa 1989ko otsailaren 12an egin zen, eta goizeko zein arratsaldeko saioak barne hartzen ditu. Bertan, Burgaintziko kideak ez ezik, plazara Jauziak dantzatzera irtendako gizon, emakume eta gazteak ere ikusiko ditugu, eta antzeman daiteke nola, denboraz gaindi, aldaera koreografikoak bere horretan gordetzen diren.

Nolanahi ere, esan beharra dago, orduan erabiltzen zen V8 formatu analogikoak, denboraren poderioz, ez dituela euskarriaren hainbat ezaugarri (koloreak, definizioa, etab.) behar bezala gorde, eta beraz, ikusiko dugunak ez du gaur egungo grabazioen kalitaterik izango.

EMILIO XABIER DUEÑAS, 2013ko maiatzaren 15a.

Erlazionatutako elementuak
Aiziritze: Kabalkadak 1989

Dokumentuaren akzioak

2013/06/21 13:45
Grabazio historiko bat da Emilio Xabier Dueñas-ek hemen eskaini diguna. Altxor bat. Kabalkadetako errepertorioaren inguruan ekarpen ederra egiteaz gain, zehazki dantza-jauziei buruz ezagutzen den dokumentu ederrenetako bat da. 1989an Burgaintzi taldearen ekimenez Aiziritzen Kabalkaden inguruan antolatu zen emanaldiaren bazkalosteko ekitaldian, adineko hainbat dantzari plazara atera, eta dantza-jauziak dantzatzeko estilo anitz, eder eta desberdinak erakutsi zituzten jendaurrean. Egun berean, Claude Iruretagoienak ere grabatu zituen bideoz dantzak eta Aiko taldeak Urraska CD-DVDan argitaratu ziren irudi horiek eta beste zenbait.

Gazteek bere emanaldia egin ondoren, adineko dantzariak atera ziren plazara eta bideoan ikus daitezke, 51. minututik aurrera muxikoak, marianak eta ostalerrak dantzatzen. Harrigarria da dagoen estilo aniztasuna, eta dantzarako erakusten duten grazia.

Horren aurretik bada pasarte bat, bitxikeria bat nahi bada, baina hunkigarri gertatzen dena. Burgaintzikoa dantzariak Gau Ainerak dantzatzen ari direla, bapatean urratsak kantatzen dituena tronpatu egiten da. 43:50 inguruan gertatzen da hori, eta hortik aurrera dantzariek kontrako norabidean dantzatzen ageri dira. Ez dirudi beraietako inor konturatzen denik, baina bapatean, 45:10ean, jendartean zegoen gizon bat agertzen da dantzarien artean. Alderantziz ari zirela ohartuta, taldera sartu, eta dantzari gazteei norabide egokia zein den adierazten saiatzen da. Alperrik. Gazteek ez diote kasurik egiten, eta hortik dantza bukatu artean, gizona beste guztien kontrako norabidean dantzan ariko da...
2013/06/25 10:34
Bikaina da ikustea bideo bakarrean, eta elkarren ondoan, horren estilo ezberdinez dantzatzen duen jendea ikustea. Ez dakit adineko dantzari horiek guztiak Aiziritzekoak izanen ote ziren, baina bistan da ez dagoela jauziak dantzatzeko manera bakarra, batzuetan entzutea tokatu izan zaigunez! Mila esker bideoa sareraturik!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.