Dokumentuaren akzioak
Juanma Oronoz, Goizaldiko dantzari eta zuzendaria izandakoa hil da
Goizaldi dantza taldea sortu zutenetakoa, dantzari, dantza-maisu eta dantza sustatzaile nekaezina, gaur hil da Juanma Oronoz 88 urterekin. Bere ibilbidea Goizaldi dantza taldeari guztiz lotuta burutu du Oronoz-ek, baita heriotzean ere, izan ere, Goizaldi dantza taldearen lehen emanaldia apirilaren 25ean izan zen, 1948. urtean, eta apirilaren 25ean zendu da, 2020. urte honetan.
Aitaren pausoak
1932. urtean jaio zen Juanma, eta bere aita Manolo Oronozen pausoei jarraituz hasi zen dantzan 12 urterekin. 1948. urtean, Kandido Pujanaren esanetara antolatu zen dantza taldeko kide izan zen, hain zuzen bere lagun-koadrilakoekin osatu baitzen taldea, ondoren Goizaldi izendatu zutena. Juanmaren aita Manolo, Jose Lorenzo Pujanaren ikasle izana omen zen, beraz, ondoko belaunaldian berriz ere Pujana eta Oronoz batu ziren dantzan, oraingoan Kandido eta Juanman, aurrekoen bi semeak.
30 urtez aurreskulari
Kandido Pujanarekin Gipuzkoako dantzetan trebatuta, aro bat markatu zuen Goizaldi dantza taldearen dantzari dohaitsuenetakoa izan zen Juanma Oronoz, besteak beste Jaime Albillos, Cirilo Garmendia eta Iñaki Gordejuelarekin batera. Gipuzkoako dantzak Euskal Herrian eta nazioartean ezagutzera emateaz gain, Donostiako dantza tradizio nagusietan, Korpus ezpata-dantzan eta San Joan bezperan Konstituzio plazan egiten den soka-dantza hamaika aldiz dantzatu zuen. Azken honetan, aurreskulari 30 urtetan aritu omen zen.
Dokumentuaren akzioak