Hemen zaude: Hasiera Albisteak Juan Mari Beltranen "Ttakun ttan ttakun": musika, dantza eta antzerkia

Dokumentuaren akzioak

Juan Mari Beltranen "Ttakun ttan ttakun": musika, dantza eta antzerkia

dantzan.com
2009/11/11 12:10
Disziplina anitzeko proiektua abiatu du Juan Mari Beltran musikariak, Txalapartaren inguruan. Musika, dantza, antzerkia, narrazioa eta ikus-entzunezkoak nahastuz Txalaparteren ibilbideari buruzko ikuskizuna antolatu du. Aurre estreinaldiekin ari dira orain. Hurrengoa, heldu den ostegunean (azaroak 12) Iruñeko Gayarren antzokian.

Urrian karrikaratu zuen Juan Mari Beltran-ek "Ttakun ttan ttakun" proiektua abiatzen zuen liburua, diskoa eta DVDa. Disziplina anitzeko proiektua da eta musika, dantza, antzerkia, poesia, narrazioa eta ikus-entzunezkoak nahasten ditu. Horrekin batera, hainbat antzokitan eskainiko den ikuskizuna ere jarri du abian Beltranek, argitalpenean oinarrituta. Azaroaren 1ean eskaini zuten lehenbizikoz ikuskizuna Urnietan, eta bihar (azaroak 12, osteguna) Iruñeko Gayarren eskainiko dute. 

Liburua, diskoa eta DVDa

Argitalpen hau, Beltranen urtetako ikerketa lanaren ondorio da. Txalapartearen historiari buruzko lehen lan zientifikotzat jo daiteke. Lehenagoko txalapartarien ikuspuntua, gaur egun jorratzen ari diren bideak eta etorkizunean jorra daitezkeenak ere azaltzen ditu argitalpenak. Liburuarekin batera banatzen den diskoa uztailean grabatu zuten. Gaur egun erabiltzen diren Txalapartaren hainbat bertsio entzun daitezke bertan eta musika tresna honek izandako garapena ere islatzen da, liburuan eta DVDan bezala.

Ikuskizuna

Argitalpen horretan oinarritutako ikuskizunean, txalapartariek hartuko dute parte (Juan Mari Beltran bera, Ander Barrenetxea, Ixiar Jauregi eta Aitor Beltran), dantzariak ere izanen dira, (Jon Maya eta Vanesa Castaño) eta Mireia Gabirondo antzerki zuzendariak egin du gidoia, bertan, poesia, narrazioa, kantua, ikus-entzunezkoak eta dantza nahastuz.

Esan bezala, aurre-estreinaldiekin ari dira, ikuskizuna ofizialki urtarrilaren 9an, Tolosako Leidor antzokian estreinatuko delarik. Hori baino lehen, bihar hain zuzen, Iruñeko Gayarre antzokian emanen dute "Ttakun ttan ttakun" ikuskizuna:

Ttakun ttan ttakun

Juan Mari Beltran eta Mireia Gabirondo

  • Azaroak 12, 20:00etan

  • Gayarre antzokia, Iruñea

 

  • Interpretatzaileak: Juan Mari Beltran, Ander Barrenetxea, Aitor Beltran, Ixiar Jauregi, Jon Maya eta Vanesa Castaño

  • Eszenografia: Mireia Gabilondo eta David Bernués

  • Jantziak: Iñaki Aizarna

  • Argiztapena: Xabier Lozano

  • Koreografia: Jon Maya

  • Musika: Juan Mari Beltran

  • Zuzendaritza: Mireia Gabirondo

  • Produkzioa: Syntorama

Dokumentuaren akzioak

2009/11/11 16:46

Kaixo! Albistea irakurtzen nindoala akats txiki bat topatu dut, azaroan 1ko aurre estrainaldia Urnietako Sarobe antzokian izan zen eta ez Andoainen. Informazioa lagungarri izango zaizuelakoan idazten dizuet. Ongi izan!

user
2009/11/11 18:56

Zuzendu dugu Jon! Eskerrik asko!

2009/11/12 00:18

Kaixo! Interpretatzaileak jartzen duen hortan ANDERE BARRENETXEA idatzita dago eta ANDER BARRENETXEA da jotzailea, anderea izateko nahiko maskulinoa da.

Esker mila!!

user
2009/11/12 00:59

Zuzendu dugu akats hori ere. Hau astelehen itxurako asteazkena, Jesus!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.