Dokumentuaren akzioak
Juan Antonio Urbeltz saritu du Orreaga fundazioak
Orreaga Fundazioak Pedro de Nabarra Saria emango dio gaur Juan Antonio Urbeltzi. Nafarroaren egunaren bueltan (abenduak 3) hainbat ekimen antolatu ohi ditu fundazioak, baina aurten ospakizunak bertan behera utzi dituzte. Hilaren bian egingo den ekitaldi bakarrera mugatu dituzte ekintzak.
Abenduaren 2an, arratsaldeko 18:00etan, Kondestablearen Jauregian omenduko dute Juan Antonio Urbeltz. Ekitaldi horretan Dantza pelikula proiektatuko dute; Urbeltzek euskal dantzaren inguruan garatutako ikuspegian oinarrituta Telmo Esnalek zuzendutako filma.
Argia dantzari taldearekin eta Marian Arregi emaztearekin elkarlanean euskal dantzaren ikerketan eta sustapenean mende erdiko ibilbide oparoa egin du Urbeltzek. Azken urteetan, hamarkadetako lanaren aitortza adierazten duten hainbat sari jaso dituzte: 2015ean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina eta Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak ematen duen Ikerkuntza Saria; 2017an, Olentzeroren Lagunen Elkarteak Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean banatzen duen Txondorra saria zuten, eta 2018an, Nafarroako Foru Gobernuak Karlos III.aren Gurutzea.
Argia dantzari taldearekin euskal dantzaren sustapenean lanean jarraitzen du; eta hain zuzen ere, Martin Zalakain bere azken sorkuntzaren hainbat emanaldi hitzartuta zituela etorri da pandemiaren etena.
Dokumentuaren akzioak