Joxan Lizarribar, euskal kulturaren sustatzaile eta dantzaria hil da
Joxan Lizarribarren heriotza "zartako itzela" izan dela esan digu Juan Antonio Urbeltz-ek. 1951. urtean jaio zen Altzon, eta 16-17 urte zituela sartu zen Argia dantzari taldean, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean taldeak lan-hildo berria jorratzeari ekin eta handik gutxira. "Gipuzkoatik irten zen lehen aldian gurekin, Marian [Arregi] eta biokin, izan zen", esan digu Urbeltzek, "Erronkarira joan ginen, Otsagiko dantzak egiteko makilak eta bestelakoak eskuratzera". Begiak eta belarriak argi zituen ordurako, eta "jakinmina eta begirada bihurriak" berarekin izan ditu ordutik.
Argia dantzari taldearekin Nafarroa Behereko dantzak egiten 1971. urtean. Argazkia: Javier Garayalde - Guregipuzkoa.net - CC-BY-SA

[Eskuineko argazkian, Joxan Lizarribar eta Fernando Aristizabal, Lizartzako dantzak egiten. Argazkia Altzon egin zen, Lizarribarren baserriaren aurrean.]
Dantzan eta kantuan ezezik, laster hasi zen dantzan irakasten ere Lizarribar. 1969an Fernando Aristizabal, Argiako dantzari eta lagun-miñarekin Tuteran izan zen astebetez bertako taldeari irakasten. Berrian aipatzen denez, Hernaniko Urumea ikastolako haurrei irakasten aritu zen tarte batez, eta besteak beste Bingen Zupiria Deia-ko zuzendaria eta Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-koa izan zituen ikasle.
Marian Arregi, Juan Antonio Urbeltz eta Joxan Lizarribar, Berria egunkariaren aurkezpenean, 2003. urtean. Argazkia: Juan Carlos Ruiz / Argazki Press / Berria.
Kimika ikasketan egin eta enpresa munduan egin du ibilbide profesionala Joxan Lizarribarrek. Adunako (Gipuzkoa) Kelsen SA enpresako zuzendari nagusia zen, eta mundu guztia korritua zuen lan-kontuak medio. Lan-bidaiak, baina euskaldun eta kulturzale izateari utzi gabe. "Herri honek izan duen enbaxadore onena izan da", esan digu Juan Antonio Urbeltz-ek.
Joxan Lizarribar, Todor Etxaburu eta Mikel Urbeltz, Argia dantzari taldearen Axuri-Beltza (2009) 40. urteurreneko ikuskizunaren ondoko afarian.
- Ekintzaile dotorea (Berria)
- Euskarak eman zion izana (Berria)
Dantzan


