Dokumentuaren akzioak
Jorge Nozal donostiarrak jaso du Herberehetako dantza-sari nagusia
Jorge Nozal donostiarrak jaso du Herbehereetako Zwann Dansprijs saria. Joan zen larunbatean eman zioten saria Maastrichteko Dantza Jaialdian egindako ekitaldi batean, Iratxe de Arantzibia kazetariak Diario Vasco egunkarian informatutakoaren arabera. Herbereheetako antzoki nazionalek ematen dute urtero Zwaan dantza sari entzutetsua, Holandako nagusia dantzaren alorrean.
Nederlands Dans Teather konpainiako dantzaria da Jorge Nozal, eta Marco Goecke koreografoak egindako Thin Skin piezan egindako interpretazio-lanagatik eman diote saria, eta epaimahaiak azpimarratu du: “bere gorputz mugimenduak lirismotik hasi eta zakarkeriarainoko mugimenduak aldizkatzen dituzte, koreografiari karga poetikoa ematen dioten artikulatutako mugimenduekin. Bere presentziak -leuna eta indartsua da aldi berean- arnasik gabe gabe uzten ditu ikusleak”. Nozalen hitzetan, “oso garrantzitsua da saria, besteak beste, lesio baten ondoren egindako lan batengatik izan delako. Horrek ondorioz, dantza beste ikuspegi batetik ikusteko aukera izan dut”.
1983tik ematen dira Herberehetako antzerki eta dantza sariak, eta Jorge Nozal da sari hau jaso duen lehen euskal dantzaria. Gisa horretan, bi dira epe laburrean nazioarteko sariren bat jaso duten euskal dantzariak, joan zen astean Alicia Amatriaini eman baitzioten Alemanian dantzari bati eman dakiokeen sari nagusia. Euskal dantzariek gure mugetatik kanpo duten bikaintasun mailaren erakusgarria, inondik ere.
Dokumentuaren akzioak