Dokumentuaren akzioak
Joanikot pastorala, irailaren 10ean Iruñeko Baluarten
Altzai-Lakarriko herriek aurtengo uztailaren 30ean eta abuztuaren 6an jokatutako 'Joanikot pastorala' Iruñeko Baluarte antzokian antzeztuko dute berriz heldu den irailaren 10ean, igandez, Batasunaren Pribilegioaren ospakizunen baitan.
Izan ere, aurtengo pastoralak Arberoako Joan —Joanikot kapitaina gerla izenez ere ezagutua— eta Hoztako Maia bere emaztearen historia kontatzen du, Nafarroako konkista eta berkonkista saialdien garaian gertatu zena (XVI. mende hasieran) eta kontakizunaren parte handi bat Iruñean kokatua dago.
Joan eta Maia Nafarroako Tebas herrian bizi izan ziren. 1512. urtean Albako dukearen ondoan borrokatu zen Joanikot Nafarroako konkistan, Aragoi eta Gaztelako koroen alde, pentsatuz Nafar herriarentzat aukera onuragarriagoa zela. Laster konturatu zen konkistatzaileek egindako trisikantzez —Garruzeren suntsiketa, adibidez— eta 1521. urtean, bandoz aldatu eta Albreteko Enrikeren armadako kide gisa berkonkista saialdian parte hartu zuen, baita Nafarroa Garaia eta Iruñea libratu ere, zenbait hilabetez. Gaztelarren oldarraldia heldu zen gero, eta Joanikot Garaziko setioan preso hartua izan zen, Iruñean epaitua, traidore joa, erahila eta laurdenkatua izan zen. Maia emazteak Tebaseko haien etxea utzi eta Baionara ihes egin behar izan zuen. Horixe Joanikot eta Maiaren trajeria.
Joana Etxart pastoralaren idazlearen arabera, Arberoako Joan eta Hoztako Maiaren historia kasik oharkabean pasa da egun arte. Historia liburuetan erreferentzia gutxi batzuk daude benetan esistitu ziren bi pertsona hauei buruz. Zorroztasun historiko handiz, baina bi pertsonaien ibilbideetan dauden hutsune biografikoak betetzeko imaginazioa baliatuz, idatzi du Etxartek Janikot pastorala.
Beraz, heldu den irailaren 10ean, igandearekin, eguerdiko 11:00etan, ikusi ahal izanen da Joanikot pastorala, istorioa gertatzen den kokalekuetako batean, Iruñean, Baluarten.
Joanikot pastorala
- Irailaren 10ean, Iruñeko Baluarte antzokian
- Goizeko 10:00etan karrika-ingurua (Frantziako ataria, Carmen karrika, Redin Karrika, San Jose Plaza, Curia Karrika, Mercaderes karrika, Udal plaza)
- Goizeko 11:00etan Pastorala Baluarten
- Sarrerak 5 euro (www.baluarte.com)
Dokumentuaren akzioak