Dokumentuaren akzioak
Joan Serra, dantza tradizionaleko irakasle eta sortzaile katalana hil da
Rubiko Esbart Dansairean aritu zen dantzari gaztaroan Joan Serra Vilatmijana (Rubí, 1947 - Sant Esteve de Palautordera, 2013). Dantzarekiko zaletasuna profesio bihurtu eta dantza tradizionalaren inguruko proiektuei lotuta eman zuen bizitza Joan Serrak. Dantza eskoletan sartzeko hainbat programa eta ekimenen bultzatzaile izan da, eta berak sortutako "Llenguatge del cos" edo "Llenguatge de la dansa" lanak erabiltzen dira gaur egun ere hainbat eta hainbat eskolatan.
Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, lehen hezkuntzako irakasleentzat dantza gradu-ondokoa eskaini eta zuzendu zuen Joan Serrak. Hain zuzen ere, dantza tradizionala unibertsitatean nola sartu ahal izan zuen azaltzera etorri zen Euskal Herrira egindako bisitetako batean. Herri Musika eta Herri Dantza hezkuntza sarean izenburupean, Oiartzungo Herri Musikaren Txokoaren 3. Jardunaldietan izan baitzen 2004. urtean dantza irakasle katalana. 2008. urtean berriz, EHUren Udako ikastaroetan jardun zuen bere eskarmentua konpartitzen.
Kataluniako Generalitatearen Kultura Sailak bultzatutako Kataluniako Kultura Tradizionalaren Sustapen Gunean jardun du lanean hogei urtez, dantza tradizionala eskolara eramanez, eta dantza tradizionalaren transmisio proiektuetan lanean. El Sac taldearen sortzailea izan zen Joan Serra, eta folklore katalana berreskuratu eta berritzeko hainbat ekimen burutu zituen talde honekin. Hainbat lan argitaratu ditu El Sac-ekin, liburuak, diskak, bideoak... Eta Mari Antoia Pujol-ekin elkarlanean, eta Generalitatat-ak argitaratuta, "La dansa catalana en l'ensenyament primari" lanaren egilea da.
Irakasle, sustatzailea, ikertzaile... eta sortzaile ere izan da Joan Serra. Esbart San Cugat-en aritu zen dantza irakasle eta koreografo lanetan, eta ondoren Factoria Mascaro sortu eta zuzendu zuen. Hainbat sari jaso ditu egindako koreografia lanak nabarmenduz. TV3 telebistak kateak 2006. urtean egindako erreportaje honek bere hainbat sorkuntza eta lan dastatzeko aukera eskaintzen du.
Dokumentuaren akzioak