Dokumentuaren akzioak
Estatu Batuetako dantza taldeei ikastaroak eskaintzen ari da Jexux Larrea
NABOren eskutik AEBtan da Jexux Larrea Argiako dantza-maisua, hainbat Euskal Etxetan euskal dantzako tailerrak eskaintzen. San Francisco (Kalifornia), Ontario (Oregon), Boise (Idaho), Buffalo (Wyoming) eta Elko (Nevada) bisitatuko ditu Ameriketatik egiten ari den biran, Euskal Etxe batetik bestera euskal jatorriko amerikarrei euskal dantzen tallerak eskainiz. Jexux Larrearen bidaiarekin bat egin du Dantza filmeko ameriketako birak, beraz pelikularen zenbait emanalditako solasaldietan ere parte hartuko du.
San Franciscoko Euskal Klubean eskainitako ikastaroan Gipuzkoako ezpata-dantza, Durangaldeko zortzinangoa eta Lizarrako larrain-dantza landu dituzte. Aurten San Francisko Basque Clubeko dantzariak Baztandarren Biltzarrera joatekoak dira, eta bertan, arratsaldeko erromerian egiten diren dantzetan parte hartzeko asmoz, gogotsu dihardute zenbait plaza dantza lantzen. Ontarion, berriz, Gipuzkoako brokel-dantza eta Lizartzako dantzak jorratu dituzte.
NABO, North American Basque Organizations elkartearen akronimoa da eta elkarte honetan batzen dira Amerikako Estatu Batuetako euskal etxe gehienak. NABO berak antolatuta, Udaleku izeneko udako kanpamendua antolatzen da, eta bertan ia-urtero aritzen da Jexux Larrea dantza irakasle lanetan. Beraz, ez zaizkio arrotzak gertatzen hirugarren eta laugarren belaunaldiko euskal-amerikar nerabe eta gazteei euskal dantzak irakasteko saioak.
Ameriketako bertako dantza irakasleek, hala nola Valerie Arretxeak San Franciscon eta Lisa Korkostegik Ontarion besteak beste, urtean zehar egiten duten lan eskerga osatzera dator Jexux Larrearen ikastaldi trinkoak. Eta Ikasleek gogotik eskertzen dituzte ikastaldi bereziak, ikasleetako batek sare sozialetan "epic experience" izan dela nabarmendu duenez.
Irudi gehiago:
- San Franciscoko tailerra (2019-04-13, Lisa Korkostegi)
- Ontarioko tailerra (2019-04-20, Lisa Korkostegi)
Dokumentuaren akzioak