Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Dantzariak Iurretako plazara itzuliko ditu Jantzari dokumentalak

Dokumentuaren akzioak

Dantzariak Iurretako plazara itzuliko ditu Jantzari dokumentalak

2020/10/08 08:00
Dantzariak Iurretako plazara itzuliko ditu Jantzari dokumentalak

Unai Esturo, Jone Guenetxea eta Xabi Zabala, Iurreta, 2020-10-06. Argazkia: Amaiur Aristi Arregi - Dantzan CC-BY-SA

Urriaren 9an, Iurretako plazan aurkeztuko da Jantzari dokumentala. Martxoaren 26an behar zuen, baina pandemia tarteko, Jantzari dokumentala ezin izan zen lehenengo ahaleginean plazaratu eta patuak urriko bigarren asteburura atzeratu du estreinaldia. Hain zuzen, garai batean Iurretan, sanmigeletan plazan dantzatzeko aukerarik izan ez zuten dantzariek urriko bigarren asteburuan ospatzen den Urrijena jaian dantzatzen zuten. Martxoan, Zuazo zinema aretoan ziren aurkeztekoak, baina segurtasun neurriak direla eta Iurretako plazan izango da emanaldia. Eguna pare-parekoa eta lekua ere zer esanik ez. Grabatua izan den herrian eta dokumentaleko protagonista diren herritarren aurrean egingo da, beraz, emanaldia. Horrela, berezkoa duen espaziora itzuliko da egun batez dantza, dokumental formatoan bada ere.

Iurretako dantzarien 150 urteko historia genero ikuspuntutik kontatzen du dokumentalak; Iurretako neska-mutilek osatutako lehenengo dantzari zortzikotea eta 2019ko Urrijena jaia abiapuntu hartuta. Iurretako dantzarien, Anboto komunikabidearen eta Bideografik ekoiztetxearen arteko elkarlanaren emaitza da Jantzari. Jone Guenetxea dokumentalaren zuzendaria, Unai Esturo dantzaria eta Xabier Zabala Bideografikeko kidea azken kontuak lotzen ari dira. Dokumentaleko kartela esku artean, poz-pozik, baina azken momentuko urduritasunak aitortuz hartu gaituzte Iurretako plazan.

Urrijena 2019
Emakumeak lehenengo aldiz dantzaridantza dantzatzeko bidean Urrijena jaian, Iurreta, 2019-10-12. Argazkia: Mattin Larrea - Dantzan CC-BY-SA

Nahi baino beranduago, baina azkenean pantaila handian erakutsiko duzue Jantzari dokumentala.

Jone Guenetxea: COVID-19ak guztiz eten zuen dokumentalaren aurkezpena. Justu sarrerak banantzen genbiltzan Zugaza zineman estreinatzeko itxialdian sartu ginen. Jendea kristoren ilusioarekin zegoen ikusteko eta beldur pixka bat geneukan hainbeste denbora pasa eta gero jendeak orain nola erantzungo zuen, ilusio hori apalduta egongo ote zen edo. Harrituta gaude ikusita jendea nola ari den sarrerak hartzen.

Unai Esturo: Pandemiak atzeratu du, baina jai batzordearen laguntzarekin plaza eder honetan emateko aukera izango dugu. Eguraldiak laguntzen badu Iurretako plazan izango da aurrestreinaldia 360ko aforoarekin eta protokoloak agintzen duen neurri guztiekin eta eguraldiak laguntzen ez badu eskolako aterpean.

Hasierako plana ez bazen ere, sinbolikoki tokatzen da lana plazan honetan aurkeztea ezta?

U.E.: Dudarik ez. Plaza hau proiektu honen muina da. Proiektuko grabazio ia guztiak hemen egindakoak dira, hemen inguruan egiten da dantzan herri honetan, dantzak herri honetan daukan indarra eta inportantziarekin bat egiten du plazak. Argi dago, eraberritzeko moduan ere ikusten da dantzak ze garrantzi duen, dantzarako plaza da. Bestalde Urrijena jaia ospatu ohi den asteburuan emango da. Justu orain dela urtebete grabatu genituen Urrijena jaiko irudiak. Lehen Urrijenan dantzatzen zuten San Migeletan aukerarik izan ez zuten dantzariek.

J.G.: Iurretako plazan estreinatzeak badauka magia berezi bat. Oso pozik gaude Iurretako plazan egingo dugulako proiekzioa.

Iurreta San Migel 2018
Emakume eta gizonek osatutako zortzikotea lehenengo aldiz plazan San Migel egunez, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Dokumentalak Iurretako dantzarien historia baino zerbait gehiago kontatzen duela esango genuke.

J.G.: Iurretako dantzarien historia genero ikuspuntutik kontatzen du, baina hori mugimendu handiago batean kokatuta; dantza munduan orokorrean eman den parekidetasunaren aldeko mugimenduan. Lehenengoak izan ez badira ere, hor Iurretak bere bidetxoa egin du. Testuinguru osoa azaltzen da, dantza munduan eman diren pausoak, Durangaldean eman diren pausoak eta iurretarrek eman dituzten pausoak.  Hasieran asmoa zen jende nagusien bizipenak jasotzea. Gero ikusita zenbat elkarrizketa egin genituen zergatik ez jaso dokumental batean? Miren ezagutu genuen, neuk ez nuen ezagutzen bere historia eta ikusi genuen bazegoela materiala genero ikuspuntua lantzen zuen proiektu bat martxan jartzekoa.

Nor da Miren?

U.E.: Miren Bikendiren figura beti izan da berezia, baina bera elkarrizketatu arte ez dugu jakin atzetik ze historia zuen. Bagenekien Mirenen aita dantza-maisua izan zela eta berak atera zuela gerra ostean dantza talde gazte bat. Gerora belaunaldi gazteei galtzear zeuden erregelak erakutsi zizkien aitak, baina horretan alabak lagundu zion. Aitak hankak moztuta zituenez atzamarrekin erakusten zuen eta Mirenek dantzatzen zuen, umetan ikasi baitzuen. Hortik tiratzen hasi eta kontatu zigun zortzi bat urterekin baserrian mutilek entseatzen zutela, baina berari aitak ez ziola uzten. Berak ez zuen etsi eta lortu zuen bateren bat falta zenean entseguetan haren postua hartzea. Dantzazale amorratua zen, anaiarekin behiak zaintzera joaten zenean ere han ibiltzen ziren biak dantzan eta kantuan, bata aurresku eta bestea atzesku.

Urrijena 2019
Miren Bikandi eta bere belaunaldiko dantzariak, Urrijena, Iurreta, 2019-10-12. Argazkia: Mattin Larrea - Dantzan CC-BY-SA

J.G.: Gazteei askotan entzuten zaie normaltasunez irten direla plazara. Belaunaldi gazteek emakume talde bat plazara dantzari-dantza dantzatzera irtetea normaltasunez bizitzea zoriontzekoa eta ospatzekoa da, baina uste dut garrantzitsua dela ikustea ez dela berez pasatu. Lanketa bat egon da Euskal Herri mailan dantzaren arloan, baita Iurretan ere. Miren Bikandiren erreferentea uste dut garrantzitsua dela ikusteko emakumeak ere dantza zaleak izan direla eta egon dela jendea dantzari-dantza maitatu duena, dantzatu duena baina ezin izan dena plazara irten. Dokumentalean ikusten da Miren plazan eserita orain dela urtebete neskak plazan dantzan ikusten, harrotasunez, bere aitak prestatu zituen beste gizonekin batera.

Emakumeak dantzari-dantza plazan dantzatzen ikusi zituen, baina dokumentala ezingo du ikusi.

U.E.: Miren aurtengo martxoan joan zaigu eta oso emotiboa izango da, berarentzako omenaldi bat izango da.

Iurreta San Migel 2018
Emakume eta gizonek osatutako soka lehenengo aldiz plazan San Migel egunez, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Buruan zenuten hori kontatzeko ze elementu erabili dituzue?

Xabier Zabala: Estetikoki eta irudi ikuspegitik pertsonalki nik beti eduki izan dut gogoa plaza honetan pasatzen dena grabatzeko. Proiektu hau azaleratu zenean ikusi nuen bazela aukera grabazioak egiteko, Urrijena ikusgarria izaten da eta aukera ezin hobea iruditu zitzaigun. Gidoiari begirako elementuei dagokionez, testigantzak jaso ditugu eta artxibo irudiak pasa zizkigun Joseba Agirre Iketzak. Jolastu dugu baita ere dantzak berak ematen duen estetikarekin. Dantzak duen sinbolismoa eta iruditegia aprobetxatu dugu historia kontatzeko. Mirenen historiarekin errekreazio txiki bat ere egin dugu; Miren umetan eta nagusiagotan irudikatuz. Musika aldetik, berriz, Mikel Nuñezek egin du musika; espresuki sortua lan honetarako eta dantza melodietan oinarritua.

 

Iurretako dantzarien, Anbotoren eta Bideografiken arteko elkarlanaren emaitza da Jantzari. Nola bizi izan duzue bakoitzak lan hau?

U.E.: Iurretarra eta dantzaria izanda gozamena izan da. Jende askorekin egoteko aukera izan dut, dokumentalean agertuko diren irudiez gain kameraz kanpoko elkarrizketak izan ditugu, testigantzak lehenengo pertsonan jasotzeko aukera izan dut... Bestalde Iurretako herriak genero aldetik dantzan zuen zorra zertxobait kitatzeko aukera moduan ikusi dut lana.

X.Z.: Dokumentalak eman dit aukera aurretik buruan neukan ideia bat lantzekoa. Askotan bizi izan ditut jaiak plazan eta hori erakutsiko dugu ikus-entzunezkoaren bidez. Gure dantzak eta ondarea jasotzeko modua izan da.

J.G.: Ilusioz eta arduraz bizi izan dut. Eguneroko lanetik pixka bat irten eta horrelako dokumental batean parte hartu ahal izatea ederra izan da. Jende zoragarria ezagutu dugu, Iurretakoak eta kanpokoak. Ikusi dut behin proiektua aurrera zihoala inguruan ere parte hartzeko eta ekarpena egiteko gogoa. Bestalde arduraz, jende askoren bizipenak biltzen baitira.

Urrijena 2019
Aurreko belaunaldietako dantzariak Urrijena jaian, Iurreta, 2019-10-12. Argazkia: Mattin Larrea - Dantzan CC-BY-SA

Jasotze lan bat egin duzue, baina aurrera begirako ahalegin modura ere uler daiteke?

U.E.: Uste dut orokorrean Euskal Herrian eta Iurreta ez da salbuespena, dantzari-dantza gainbeheran doala. Suertez talde polita daukagu, baina ez dira asko eta uste dut proiektua hau indartsua izan daitekeela eskualde honetan dantzari-dantzak eduki duen garrantzia berreskuratzeko. Durangaldeko kultura ondare garrantzitsuenetakoa ez dago oso osasuntsu. Duela hirurogei urte plazan dantzatzen zutenak futbol jokalari profesionalekin aldera zitezkeen eta egun gazteak dantza taldera erakartzea ez da erraza. Dokumentalean jaso duguna Iurretako eta Durangaldeko beste dantza taldeentzat bultzada bat izatea nahiko nuke.

X.Z.: Jaso duguna ezagutzera ematea da helburua. Iurreta eta dantza mundutik kanpoko jendeari erakustea nolakoak diren hemengo dantzak, historia erakutsi eta gogoetarako bidea ireki nahiko genuke.

J.G.: Parekidetasunari buruz hitz egiten da dantzari-dantzaren inguruan, baina gaia unibertsala da. Dantza-munduan gertatu diren tentsioak parekidetasunaren bidean beste arlo eta leku batzuetan ere sortu dira. Hemen parekidetasunaren aldeko hautua egin da, tradizioa moldatu da, baina tradizioa izaten jarraitu du. Normaltasunez pasa da, baina ez berez.

Dantzari dokumentala
Unai Esturo, Jone Guenetxea eta Xabi Zabala, Iurreta, 2020-10-06. Argazkia: Amaiur Aristi Arregi - Dantzan CC-BY-SA

Aurrestreinaldia ostiral honetan izango da Iurretan eta ondoren non ikusi ahal izango da Jantzari?

X.Z.: Hainbat festibaletara aurkeztu dugu eta erantzunen zain gaude. Oraingoz, Bilboko Cine Invisible festibalean eta Zinebi jaialdian onartua izan da. Zinebin, Bilboko Zinema Dokumentalaren eta Film laburren Nazioarteko Zinemaldian, egingo da aurkezpen ofiziala. Zabalkundea lantzen ari gara, baina asmoa da aurrena festibaletan aurkeztea, ahal bada zinema aretoetara eramatea, ondoren dantza taldeei erakustea herriz herri eta, azkenik, interneteko plataformaren batean erakusteko aukera ere ikusten dugu.

Iurretako plazako aurrestreinaldirako sarrerarik geratzen al da?

U.E.: Bai oraindik bada aukera Iurretan ikusteko. Bi emanaldi izango dira urriaren 9an, 20:00etan eta 22:00etan. Jai Batzordeak mahaia ipini du sarrerak banatzeko Askondoko karpan astelehenetik ostegunera, 18:00etatik 20:00etara. Ordu horretan, telefonoz ere eskatu daitezke sarrerak (688813292). Lehenengo egunetan Iurretarrei eman zaie lehentasuna, baina orain edonork eskura dezake sarrera.

Jantzariak dokumentala posterra
Jantzari (2020) dokumentalaren afitxa

Fitxa Teknikoa

  • Zuzendaritza: Jone Guenetxea – Carlos Iglesias
  • Errealizazioa: David Maeztu – Xabier Zabala A.
  • Argazki Zuzendaria: David Maeztu
  • Gidoia: Jone Guenetxea – Carlos Iglesias – Xabier Zabala A.
  • Irudia (Kamarak): Eukeni Arriortua – David Maeztu – Iker Rementeria – Ramón Larrabaster 
  • Soinua: Miguel Ramirez – Javier Hernando – Xabier Zabala A.
  • Musika: Mikel Nuñez Lauzirika
  • Musika programazioa: Nerea Alberdi
  • Audio Postprodukzioa: Bideografik
  • Produkzioa: Unai Esturo – Eneko Barroeta “Barru” – Carlos Iglesias – Jone Guenetxea
  • Zuzentzailea: Mikel Azkarraga
  • Kartelaren irudia: Lehior Elorriaga

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.