Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jaime Albillos: "Oraindik ere folklore departamentu baten falta sumatzen dut"

Dokumentuaren akzioak

Jaime Albillos: "Oraindik ere folklore departamentu baten falta sumatzen dut"

2016/12/05 08:30
Jaime Albillos: "Oraindik ere folklore departamentu baten falta sumatzen dut"

Jaime Albillos. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC BY-SA

Euskal Kulturaren alde lan egiten duten inurriei eskain nahi izan die aurten Durangoko Azokak Argizaiola saria. Sari hori jaso dutenen artean da Jaime Albillos (Donostia, 1931), heraldika eta sinbologia gaietan aditua, eta Goizaldi dantza taldeko sorrerako kide izandakoa. Justo Alberdi, Kepa Mendia, Carmen Belaza, Patxika Erramuzpe eta Jose Ramon Zengotitabengoa izan dira Jaime Albillos-ekin batera Argizaiola saria jaso duten euskal kulturaren aldeko inurriak. Heraldika eta sinbologian nabarmendu bada ere, Goizaldiren sorreran izan zen dantzari-bultzatzaile, eta garai horri buruz galdetu nahi izan diogu. Horrez gain, Juan Antonio Urbeltz dantzaren mundura erakarri zuen Albillos-ek berak:

2016 Argizaiola saria Jaime Albillos Durangoko Azoka
Jaime Albillos (ezkerretik hasita lehena), Durangoko Azokaren 2016ko gainerako Argizaiola sarituekin batera. Argazkia: durangokoazoka.eus

Noiz hasi zinen dantzan?

20 urte nituen dantzan hasi nintzenean. Artean ez zen Goizaldi izenik. Kandido Pujanak utzia zuen, eta taldea pattal samar ari zen. Oinarrizkoa batak besteari irakatsita aritzen ginen, gero behin eta berriz entseatzeko. Iñaki Urdangarin izeneko dantzari batek irakatsi zidan, Iñaki Gordejuela, dantzari gailenetako bat, Iruñean lanean ari zelako.

Zein dantza-maisu izan zenituen?

Gipuzkoako dantzak egiten genituen nagusiki, Kandido Pujanarekin. Berak ez zekien bestelako dantzarik. Lurrean makila jota ematen zituen entseguak. Durangaldeko Dantzari-dantza ere egiten genuen, eta Goizaldi sortzearekin, dantza gehiago ikasten hasi ginen 60ko hamarkadatik aurrera.

Pujanak utzi zuenean talde dinamikan sartu ginen. Frankismoan geundela kontuan hartuta, demokrazia asmatu genuen, kar kar! Urtero aukeratzen genituen, bozka bidez, hainbat postu: presidentea, arropen arduraduna, etab. Ez genuen dantza-maisurik, zuzendari artistikoa baizik, eta dantzari gisa gehien nabarmetzen zirenek gidatzen zituzten entseguak: Cirilo Garmendia, Juanma Oronoz eta, bereziki, Iñaki Gordejuela. Oso zorrotza zen, hala dantzari bakoitzaren bakarkako dantzaerarekin, nola taldearen emanaldien xehetasunekin: ilarak, arropak, etab.

Zein metodo erabiltzen zenuten dantzak lantzeko?

Orduak sartzea! Barra asko egiten genuen, ostikoak indarrez emateko. Astean hirutan, bi ordu luzeko entseguak egiten genituen. Gaur egungo gimnasioen parekoa zen. Entseguetan gauza zailak egiten saiatzen ginen: kabriolak, bi buelta airean… gero emanaldietan erraz eta txukun egin ahal izateko. Beti zuzeneko musikarekin aritzen ginen, Jose Inazio Montes txistulariarekin. Behin eta berriz errepikatzen genituen dantzak, Gipuzkoakoak bereziki.

Emanaldi asko egiten genituen, eta esan liteke arrakasta handia genuela. Langolleneko jaialdira joan ginen, eta 2. edo 3. egin genuen. Violet Alfordek esan zigun inork ez bezala dantzatu genuela, baina ezin zigula lehen saririk eman, ez genituelako ezpata luzeak gurutzatu. Iztueta irakurtzeko esan zigun. Hala egin genuen, eta ezpaten gurutzeak eginda, hurrengo urtean irabazi egin genuen.

Lan-diziplina gogor horretatik abiatuta, maila handia hartu genuen, eta batzuk jomuga profesionalizazioan jarri zuten. Esaterako, Juan Mari Montes, Jose Inazio txistulariaren anaia, egunero aritzen zen prestatzen entsegu-gelan, bulegoko ordutegiarekin. Ameriketako Estatu Batuetara joan zen dantzari izateko helburuarekin, baina ez dakit ezer gehiago hari buruz. Gordejuelak ere nahi zuen dantzari profesional izan.

Dantza utzi eta bide berriei ekin zenien. Zergatik?

Entseguen eta emanaldien dinamikak ordu eta dedikazio handia eskatzen zizkidan, eta hori lanarekin eta familiarekin uztartzea zaila zen. Ingeniari teknikoa naiz, eta jubilatu arte aritu nintzen horretan profesionalki. Berrogei urte ingururekin utzi nuen dantza.

Ordurako interes handia sortzen zizkidaten mota guztietako sinboloek, baita heraldikak ere. Etxean landu daitekeen afizioa da neurri handi batean, nahiz eta aitzakia horrekin hainbat toki bisitatu izan ditudan familiarekin.

Donostian Iztuetari eskainitako Nestor Basterretxearen ondoan dagoen hilarria nik diseinatu nuen. San Telmora joan, eta ikerketa-lan txiki bat egin nuen hango hilarriak aztertuta. Sinbolo guztiak aztertuta eta, ondorio gisa, euskal hilarri-eredu bat garatu nuen. Iztuetaren hilarrian hainbat sinbolo sartu nituen, eta Goizaldiren zuhaitz genealogikoa: Iztueta - Olano - Pujana (Jose Lorenzo) - Pujana (Kandido). Ordizian Jose Lorenzo Pujanaren jaiotetxean dagoen plaka ere nik diseinatu nuen.
1967 Goizaldi Iztuetari omenaldia Donostia
1967 Goizaldiko dantzariak Donostiako Euskadi plazan, Jaime Albillosek Iztuetaren omenez diseinatutako hilarriaren aurrean. Argazkia: Kutxateka

Juan Antonio Urbeltzekin harreman berezia duzu.

Juan Antonio Urbeltz eta biok oso lagun egin ginen, azken batean, nik ekarri nuelako Goizaldira. Donostiako Jesuiten eskolan geometria deskriptiboko irakaslea nintzen, eta mutiko gazte lerden bat sartu zen. Goizaldin dantzatzea proposatu nion, eta onartu egin zuen. Bost edo sei urte egin zituen han.

Euskal Herriko dantzak ezagutzeko irrika handia zuen. Esan dezaket Goizaldin arrakastaren lainotan lokartuta geundela, eta ez genuen ezer berririk ikasteko gutiziarik. Orduan, Juan Antonio Donostiako beste talde txiki batera joan zen, Argiara. Eta beste ibilbide bati ekin zioten, tokiko dantzak ikertzen. Esaterako, Lesakako dantzak egiten ikusi nituen lehen aldiz, eta harrituta geratu nintzen.

Lagunak gara oraindik ere, eta Gipuzkoako Urrezko Domina eman ziotenean emandako hitzaldian egin zidan aipamenak ilusio handia egin zidan.

Nola irudikatzen duzu dantza gaur egun eta etorkizunean?

Zalantza asko ditut gaur egun egiten denaren inguruan. Berrikuntza etengabe aipatzen da, baina hortik aurrera ez dut mami askorik ikusten. Jantzigintzan esaterako: orain dantzari asko ikusten ditut alkandora eta galtza beltzekin dantzan. Eta orain arte berreskuratu diren arropa eder horiekin guztiekin zer egingo dugu?

Goizaldirekin egindako bidaia batean Yugoslaviako taldeak ikusi eta harrituta geratu nintzen. Halako estatu plurinazional batean, herri-jantziei eskainitako departamentu bat zuten. Esaterako, Kroaziako hamar jantzi behar bazenituen, eskatzea besterik ez zegoen jasotzeko. Folklore departamentu bat bagenu...

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.