Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Juan Inazio Iztuetaren "zurikeria" biluzi du Urbeltzek

Dokumentuaren akzioak

Juan Inazio Iztuetaren "zurikeria" biluzi du Urbeltzek

2018/10/23 08:00
Juan Inazio Iztuetaren "zurikeria" biluzi du Urbeltzek

Juan Antonio Urbeltz liburuaren aurkezpenean, Donostia, 2018-10-16. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Juan Ignacio de Iztueta y yo liburua argitaratu berri du Juan Antonio Urbeltz Navarrok (Iruñea, 1940). Azken lan honetan, Urbeltzek, Juan Inazio Iztuetaren nortasuna eta 1824an argitaratu zuen Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburua ditu aztergai; liburua bere osotasunean Iztuetak idatzi ote zuen zalantzan jartzen du Urbeltzek. Iztuetaren nortasun konplexua agerian jarri du, "Iztueta ez zen guk uste izan duguna, beste gauzak bat izan zen". Iztueta maltzurra eta engainatzailea izan zela dio eta dantza erabili zuela, hierarkia sozialean gora egiteko. Zaldibiako dantzariaren izaera eta liburua aztertzearekin batera, sinkronizitateetan oinarritutako bere buruaren eta Iztuetaren arteko loturak azaltzen ditu.

Iztuetak idatzi al zuen Gipuzkoako Dantzak liburua?

Urbeltzek Juan Inazio Iztuetaren lanaren irakurketa kritikoa egin du. Urbeltzen ustez ez da dantzen alde eginiko lana, ematen du Iztuetak bere estatusa handitu eta begiko ez zituen pertsonak iraintzeko idatzi zuela liburua. Liburuan agertzen diren kontraesan eta inkoherentzietan oinarrituta, liburua osoki Iztuetak berak idatzia ote den ere susmopean jartzen du "askotan ez daki zertaz ari den hitz egiten, kontraesan asko daude bere lanean". Horren hainbat adibide jaso ditu liburuan.

Iztuetaren Azpeitiko kartzelako garaia gakoa da pertsonaia ulertzeko Urbeltzen iritziz. 1767an jaio zen Iztueta, Jesusen konpainia Espainiatik kanporatu zuten urtean. Jesuitak kanporatuta, Urdazubiko fraide premontretarrak iritsi ziren Loiolara (Azpeitia). Horiek, jesuiten dokumentu ugari jaso zituzten, tartean dantzei buruzkoak. Izan ere Josulagunak, erretorikarekin batera dantzak erakusten zituzten, "zenbatzen diren dantzak". Neurri irregularreko doinuak ziren,  "doinu zahar" modura ezagutzen direnak, gazteen memoria lantzeko erabiltzen zituzten. Iztuetaren doinu zaharren bilduman ageri diren pasarte batzuk bat datoz 1602-1604. urtean Milanen argitaratutako melodiekin. Beraz, Urbeltzek zalantzak planteatzen ditu doinu zaharrek Gipuzkoan izan zezaketen tradizioaren inguruan. Urbeltzen iritziz, doinu horiek, Jesuitek erabiltzen zituzten eskoletan eta Iztuetak jaso zituen Urdazubiko fraide premontretarren bitartez Loiolatik. Beraz, Urbeltzek susmoa du Iztuetak ez zituela ezagutzen, zenbatzen diren dantzen maisuek erabiltzen zituztenak jaso zituela.

Juan Ignacio de Iztueta y yo

Folklorearen eremua aztertzen du liburuak, baina Urbeltzen ustez, ikusten da Iztuetak ez zuela tradizio herrikoaren aldeko lana egin. Hala balitz, ahozko tradizioarekiko interesa agertuko luke, bere dantza-maisuak, dantzari erreferenteak, txistularien izenak, bizipenak... bildu beharko lituzke, baina liburuak ez du horrelako ezer jasotzen. Badirudi Iztuetak liburuarekin lortu nahi zuena zela maila sozialen estatusa lortzea, "bere indibidualismo maltzurrak ez zuen nahi konpainiarik". Txistularien izenik ez aipatzeaz gain, txistularien inguruko gauza onik ere ez da ageri liburuan. Txistulariei eta familia nobleei botatzen die probintzia jasaten ari zen oker morala. Iztuetak ez zekien musika partiturak irakurtzen, ezta txistua jotzen ere, hori dela eta danbolinteroei buruz idazten dituen zenbait kontu zalantzagarriak dira. Izenburuek eta testuek, behin baino gehiagotan ez dute bat egiten. Ez du txistulariarekiko inongo begirunerik agertzen, askotan umiliatu egiten du, "morroi" izenez ere deitzen die.

Urbeltzek uste du, Iztuetak Goierriko tradiziotik kanpoko dantzak ez zituela ezagutzen. Espainiako erregina izango zen Maria Amalia Sajoniakoa, Gipuzkoatik pasa zenean dantza ugari eskaini zitzaizkiola hainbat herritan irakur daiteke probintziak argitaratu zuen egunkarian. Ikusten da Gipuzkoan bazirela musika tradizionala ezagutzen zuten danbolinteroak, dantza-maisu onak edota jantzien eta apainduren espezialistek. Iztuetaren garaikoak ziren, oso litekeena da ezagutzea, baina ez ditu inon aipatzen.

Urbeltzek azpimarratu du, "Txuria" ezizenez ezagutzen zela Iztueta, ez zioten maisu deitzen. Dantzarako gaitasunagatik baino, bere nortasun engainatzailearengatik ezagunagoa izan zela.

Juan Antonio Urbeltzen seme-alabak
Maider Urbeltz harparekin eta Mikel Urbeltz arrabitarekin liburuaren aurkezpenean, Donostia, 2018-10-16. Argazkia: Amaiur Aristi-Dantzan CC-BY-SA

Pertsona Konplexua

Juan Inazio Iztueta pertsona konplexu moduan definitzen du Urbeltzek, "pentsa, ni baino askoz ere konplexuagoa zen". Bizitza gorabeheratsua izan zuen Iztuetak: kartzela, hiru emazte, bikote harreman katramilatsuak, borroka ideologikoak...

Carl G. Jung. psikologo eta filosofoaren teoriatan oinarrituta, Urbeltzek dio, pertsona psikopatek izan ohi dituzten hainbat ezaugarrirekin bat egiten dutela Iztuetaren jokaerek eta nortasunak. Hala nola, hizketan egokia oso, autoestimu handikoa, erruduntasuna onartzen ez duena, bizitza sexual nahasikoa, arduragabea...

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.