Hemen zaude: Hasiera Albisteak Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit

Dokumentuaren akzioak

Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit

Xabier Itzaina
2010/04/12 10:30

Itsasuko kabalkada. 2007ko agorrilaren 19an emana herriko plazan

Kabalkadak Itsasun

Kabalkadak lehenago tobera-mustren oroitzapenak dira. Lehenago, senar-emazten arteko gatazkak, alargunen arraezkontzak eta gisa hortako gaiak ziren salatzen plaza betean tobera mustren bidez. Gaiak aldatu dira, bainan forma (desfilea edo “munstra”, auzia eta dantzak) hein batean beiratu da, bereziki Baxe-Nafarroan, Garazi eta Baigorrin. Lapurdi barnekaldean, usaia atxiki zuten Luhuson 1958 artino eta Makean 1980 artino. 1990-2000 urteetan, kabalkadak berriz abiatu dira Itsasun, Lekornen, Luhuson, Heletan edo Bidarrin, batzutan mende baten geldialditik landa. Itsasun, tobera mustra edo kabalkadak izan dira ondoko urte hauetan : 1849an, 1859an, 1865an, 1876eko urrian, 1883eko urriaren 22an, 1889an (azkenean auzapezak debekatua), 1892 inguruan, 1899 inguruan, 1922an izan zen abiatze zerbeit bainan erretorak debekatu zuen, 1937 (Gerasto auzoan), 1992an, 1994an, 1997an, 2001an eta 2007an. Azken hunen prestatzen arizan dira Menditarrak herriko besta batzordea, Ataitze dantzari multxoa, Kafos antzerki taldea, Herriko Etxearen laguntzarekin.

Beztituak:

  • Banderaria
  • Kapitaina eta bere emaztea (zaldiz)
  • Lieutenanta eta bere emaztea (zaldiz)
  • Oilarrak
  • Zapurrak
  • Banderariak
  • Makilaria
  • Soinulariak
  • Bolantak
  • Bas-andereak
  • Bolantak
  • Dantzarisak
  • Andere xuriak
  • Kaxkarotak
  • Dantzarisak
  • Hasi berriak
  • Lehengo gazteak
  • Auzitegia eta toberetako jokolariak
  • Zirtzilak 

Soinuaz

XIX. mendearen azken laurdena arte, tobera-mustren soinua xirula, ttunttuna, arrabita eta atabalaren esku zen. Itsasun, Pesta Berriak xirula atabal soinuz laguntzen ziren 1907 artino. Orduan sartu ziren klarineta, eta gero kobreak eta akordeonak, soinuari indar eta kemen gehiago emanez. Aurtengo soinulariak Battit Garat kanboarraren zuzendaritzapean arizan dira. Bertzeak bertze, Ahetzeko Sayerce klarinetariaren partituretatik (T. Truffaut-ri esker) atera martxa eta kadrilla aire batzu berriz jo dituzte dantzarien sar-ateratzetan.

Sartzea

Trinketetik plazara, desfilea : martxa.

Plaza hartzea : kaxkarot martxa, Pesta Berriko urratsean

Makilariak

Makilaria Pesta Berriri zuzenki lotua da, Zapur, oilar, banderari eta bertze beztimenduak bezala. Makilariaren usaia ez da sekulan galdu Itsasun.

Bertsularien agurra

Bertsulariek ikaragarriko garrantzia bazuten toberetan. Luhusoko Larralde “Panpale” arizana da frangotan toberetan, Xetre Hazpandarra, Otxalde Bidarraitarra, berrikiago Mattin eta Xalbador ere. 

Mutxikoak

Dantza jauzietan ezagunena

I Agerraldia

Huxerrak Itsasuko auzitegi herrikoia eta akusatua sararazten ditu. Prokuradoreak akusazione agiria irakurtzen du : Erramun Dializazio-ri lurraren xehatzea leporatua zako, otoa sobera erabiliz, ura xahutuz, zikinak nun nahi botatuz,... Akusatua ohartzen da Estadu Batuetarik bereziki jinikako abokata txarra bezain kixkila dela. Lehen lekukoak heldu dira, prokuradorearen kondu : Hector Kina eta bere andrea, Burkina Faso-ko laborari bikote bat. Diotenez, Erramun-en gatik dute miseria gorrian zagon beren herria utzi eta Europa amestuari buruz abiatu, gaitzeko balentria baten bidez. Abokatak nahi du lekukotasun hori ezeztatu, erranez lekukoak ez duela bere nortasuna behar bezala deklaratu. Eztabaida sortzen da. Abokatak orroitarazten du ez dela lehen aldia etorkinak gaizki onhartuak direla hemen gaindi. Itsasuko “griot’-ak deitzen ditu Xalbadorrek duela 30 urte “Mendian galdu direneri” eskaini zituen bertsuen emaiteko.

 

Dantzak

Ihauterietako makil dantzak

Etxez-etxe ibiltzeko makil dantza, maiz “Ahurtiko makil dantza” deitzen dena. Aire hortan eta Hiru xito-ren airean emaiten ziren Kanbon, Uztaritze, Ezpeleta, Hazparne eta Lapurdiko herri gehienetan makil dantzak.

Ezpeletako makil ttipi dantza : Ezpeletako kaxkarotek emaiten zuten moldean, Xan Ipharraguerre-ri ikasia. Airea Besta Berriko scottish bat da, Ezpeletako kaxkarotekin jotzera heldu zen Arnegiko Domingo Garbayok frangotan emaiten zuena.

Hiru xito (ukan eta lau galdu...): Lapurdiko makil dantza ezaguna, gure gisara moldatua.

Bolant dantza

Kaxkarot eta bolanten ohorezko dantza ibiltaria. Lehenago, bolant dantza zen tobera-mustretako dantzarik garrantzitsuena.

Gabota

Luhuson eta Makean ikasi ginintuen bi gaboten arteko moldaketa bat, Ataitze taldeko neskek beren gisara apailatua.

Ateratzeko: maska dantza, Uztaritzeko kaxkaroten maneran

 

II agerraldia

Akusazioneak bigarren lekukoa deitzen du. José Mauvais, laboraria, sindikalista eta kantaria da. Akusatuari leporatzen dako planeta pozoinatzea OGM-ekin, laborari ttipiak desagertaraztea, Baxe-Nafarroa urratzea bide proiektu batekin,... Hautua emaiten du : edo zazpi orenetako ikastaldi bat egiten du bere gaiaren barnatzeko, edo dena labur biltzen du kantu baten bidez. Jujeak kantua hautatzen du. Etzen ideia ona. Bertsulari bat deitzen dute kabalkada bere heinean atxikitzeko. Prokuradorea, ustez eta Asanblada nazionalean den, Pirineo-Atlantikoen laudoriak kantatzen ditu. Lekukoa laborantxa politikari buruzko xehetasunetan galtzen da. Jujea asea da, eta manatzen du lekukoa lotua izan dadien plaza erdian, OGM-ak jan ditzan eta Michel Sardou-ren kantu bat entzun dezan. Abokat amerikarra harritua da. Guantanamon ere ez dira hain bortitzak. Ikusiz auzia ze bide hartzen ari den, jujea depresionean sartzen da eta irratilari bateri kondatzen ditu bere frustrazio sentimental eta poetikoak.

Dantzak

Xoxoarenak

Dantza jauzi zahar bat, guti emaiten dena. Gogoz eman dute dantzariek, lehenagoko dantza jauzi zoin gehiagoken moldean. 

Eskualdunak eta Sorginak

Faustin Bentaberry Izpurako dantza maisuak moldatu entrexatak, komuzki Garazi eta Baigorriko partean emaiten direnak.

Makilariak

III Agerraldia

Defentsak lekuko bat deitzen du, César Taina deitu buhame bat, herriko mugetarik heldu dena. Abokataren ustez, akusazioneak mundializazioari buruzko moral lekzione haundi batzu emaiten ditu, bainan tokiko jende xumeenak mesprexatzen ditu. Heien musika aipatzen da, bainan musikariak baztertzen. Akusazioneak azken lekuko bat jin arazten du : Gerastoko unibertsitateko ikerle famatu bat, Itxaro Aldaketa. Aldi huntan, planetaren berotzea zako leporatua Erramun Dializazioa-ri. Azalpen zientifikoak ez dira baitezpada argiak. Jujeak jandarmak jin-arazten ditu ikusteko hea zientifikoaren hitzak denen meneko diren. Funtzionarioen behara hutsa berez mintzo da. Planetak berotzen segitzen badu, zientifikoaren ustez, laborariek beharko dute kamelu esnearekin gasna egin, AOC Ossau-Tripoli sormarka sortuz. Eta bertzalde, buru-muinak ere hurtzen hasiko dira emeki emeki. Bertsulariak bi parten arrazoinak labur biltzen dituzte.

Dantzak

Xibandiarrak

Dantza jauzi luze eta bihurria, Biarnoraino ezaguna zena, bere hiru partekin  jauziak, entrexatak, kontrapasak. Hau ere gogoz emana.

Scottish eta kadrillak

XIX. mendean Euskal Herrian sartu kontradantzak. Itsasun bazen 1950 urteetan kadrilla dantzari talde bat.

IV Agerraldia

Auzitegiak bere erabakia publikatzen du. Ororen buru, auzitegiak ez ditu Erramun-en gain ezarri nahi mundializazioaren kalte guziak. Denak hobendun gira, bakotxa bere heinean. Lurraren geroa gure eskutan da. Erramun xuritua da. Bainan toberen usaiaren arabera, huxerrak du pairatuko. Ikusiz zoin ustela, zikoitza eta beldurtia agertu den auzi denboran, Edmond Rhoïdes huxerra tokian berean garbitzen dute, Ipar Koreako ohidura demokratikoak segituz. Arrapizten delarik, kabalkada bururatua da, edo kasik bururatua, konfreria satiriko mixteriotsu baten happening-etik landa.

Dantza khorda

Itsasun oroz gainetik Pesta Berriz eta Otabaz emaiten zen dantza, kartier bakotxak bazuelarik bere aldia dantza khordaren buru eta buztanean. 1960 urteetaraino iraun zuen usaia horrek, gero gelditu zen. Pesta Berriek ahatik aintzina segitu dute gelditu gabe, salbu 1970 eta 1976 artean. Badu orain hamar bat urte dantza khorda berriz emaiten dela Pesta Berriz, gaineko plazan arratsaldeko desfiletik landa. Sartzea guhaurek moldatua da, soinua ahatik partitura zaharretarik hartua da (“dantza khorda ou la danse longue”). Pentsatzen ahal da brale mota bat emaiten zela lehen parte luze huntan. Gaur egun, lehen parte horren bertsione laburtu bat jotzen da (maior tonuan) Baxenabarreko dantza luzearen bigarren partean. 

Fandango eta Arin arina

Makilariak

Bertsularien agurra

Auzitegia, dantzariak eta zirtzilak ateratzen dira bolant dantzarekin. Plaza libro.

Pertsu xaharrak:

Itsasuko pestak 1924an

  1. Nahiz baden bertzetan ni bezen abilik

Ezin egon nitake neholaz ixilik,

Itsasuko bestetan atsegin ukanik ;

Guti baita ikusten hor bezein ederrik.

 

  1. Orok lehen eskerrak zeruko Jaunari

Iguzkia baitauku goxorik igorri.

Eder ziren partidak, dene jostagarri,

Soinulariak ere oinen aringarri.

 

  1. Asteartean zuten egun ederrena,

Jendea gehienik jostatu duena.

Luzeko partida zen goizean lehena ;

Bazkal eta esku-huts bazen bigarrena.

 

  1. Nork bada zaharrentzat zuen asmatuko

Hoin erretx zutela pilot’ibiliko ?

A gero bazutela lehenago joko ;

Orai ere gazteak nekez nausituko.

 

  1. Lehen Eskual Herriko besta egunetan

Ezin hobeki ziren jostatzen plazetan,

Bainan erretiratzen goizik arratsetan,

Begi erori guti bihamun goizetan.

 

  1. Norbaitek berrikitan baitauku galdatu

Gure San Murthusekin ginenez samurtu

Norbait horrek nahi du Itsasuz trufatu,

Nahiko ote dio Murthusek barkatu ?

(ez ezaguna, Eskualduna kasetan agertuak, 1924eko buruilaren 12an)

 

Itsasuko kabalkadaz gehiago:

 

Dokumentuaren akzioak

Ekaitz Santazilia
2010/04/12 18:27

Ederki pasa nuen egun hartan jotzen! milesker gonbidapenagatik! Pena da egun (eta gau) euritsua izan genuela....

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Itsasuko kabalkada: Dantzari buruz xehetasun zonbeit

Itsasu, 2007. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC BY-SA