Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iruinkokoa edo kultur aktibismoa denean txertoa

Dokumentuaren akzioak

Iruinkokoa edo kultur aktibismoa denean txertoa

2020/05/05 08:45
Iruinkokoa edo kultur aktibismoa denean txertoa

Iruinkokoa, Iruñea, 2019-03-03. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Izurriteak eta gaitzak uxatzeko zereginean lanak pilatzen hasi zaizkio Iruinkokoari. Covid19 pandemiak Iruñean eztanda egin aurretik jokatu da Iruinkokoa Nafarroako hiriburuan, euskara eta euskal kultura gaixotuta dituzten kokoen aurkako txerto moduan plazaratu ere. Aurten bigarren aldiz eman dute Iruinkokoa, Iruñeko inauteri urbanoa. Festak eta prestaketak Iruñeko euskal komunitatea sendotu eta elkartu du, euskara hartuta botika nagusitzat.

Gipuzkoako Dantzaguneak bultzatutako Sortutakoak diru laguntza jaso du aurtengoan Iruinkokoak eta Gipuzkoako Dantzaguneko gela-birtualean proiektua aurkeztu dute Ihitz Iriartek, Ion Celestinok, Aritz Ibañezek eta Oier Zuñigak Iruinkokoako bultzatzaile eta sortzaileek. Ihitz Iriartek festa bere osotasunean azaldu du lehenik eta jarraian diziplina bakoitzeko ordezkariek, musika, dantza eta antzerkiari lotutako sorkuntza-prozesuak kontatu dituzte.

Ihitz Iriart: “Denak helburu amankomunera goaz baina pertsona gisa egiten gaituena prozesua da”

Ihitz Iriart dantzaria eta kantaria Iruñean bizi bada ere zuberotarra da jaiotzez, beraz, lotura du urbanoak ez diren inauteriekin. Hasieran zalantzak zituela aitortu du, “dudak nituen horrelako inauteriek bere funtzioak betetzen al zituen hiri batean ere, baina uste dut azkenean funtsezko beharrak denok berdinak ditugula”.

Iruinkokoa izenaren oinarria koko hitzean dagola azaldu du Iriartek, “Bestea izendatzeko modua da, ondokoa gure kokoa da. Iruñeko herriari Iruinkokoa edo koko herria deitu izan diote ingurukoek”.

Ihitz Iriart eta Aritz Ibañez
Ihitz Iriart eta Aritz Ibañez, Iruinkokoaren aurkezpena Dantzagunearen ikasgela-birtualean, 2020-04-24.

Kokoa, intsektua definitzeko hitza ere bada eta Juan Antonio Urbeltzen teoriatik abiatuta, inauteria konjuro gisako festa bat da, “festa baliatzen dugu gaitza hedatzen duten animalia ez dadin etorri”. Bi bando daude, onak eta txarrak “Koko zuriak eta koko beltzak. Koko zuriak dantzariak dira, hitzik ez dute egiten. Koko beltzak antzezleak dira, hitza, satira, kritika dutenak”.

Egun bateko jaia da, baina atzean lau hilabeteko prozesua dago. “Denak helburu amankomunera goaz baina pertsona gisa egiten gaituena prozesua da. Egun horretaz aparte sorkuntza taldea, logistika taldea, esku lanak, jostunak... daude, Iruinkokoa prozesu aberatsa da”. Iruñeko euskaldunen komunitatearen parte handi bat elkartu eta sendotu da ekimenaren bidez, “helburu nagusia herria saretzea da”.

Plaza hartzearen garrantzia oso garrantzitsua dela ikusten du Iriartek, “Gazteek plaza hartzen dute baina atzean beste belaunaldietako jendea dago. Urte osoko trapu zaharrak garbitzen dira eta egurra eskuin ezker banatzen da”. Komunitatea batzen da eta gainera euskara eta Euskal Herria dira ardatzak, “Euskaraz egin den prozesua da. Euskal Herriaz egiten dugu eta Euskal Herritik. Badakigu oso ongi nondik ari garen”.

Ion Celestino: “Lanetako bat lengoaia definitzea izan da”

Ion Celestino musikaria jazza eta brass band-etan aritu da bereziki, eta New Orleanseko musika beltzetik hurbildu da tradiziozko musikaren mundura, eta bide horretatik hasi da barneratzen euskal musika tradizionalean. “Ni bizi naizen tokia errepresentatuko zuen musika egiteko beharra neukan. Bertakoarekin eta orainarekin harremana izango zuen lengoaiaren bilaketan hasteko beharra. Hortik iritsi naiz euskal herri musikara”. Bilaketa horretan zebilela iritsi zitzaion Iruinkokoan parte hartzeko aukera.

Lanetako bat lengoaia definitzea izan da”, argi zuten musikak egungo Iruñearekin eduki behar zuela lotura. “Egun Iruñean New Orleanseko musika lantzen duten hiru banda daude. Hori bada Iruñeko errealitate bat, baina Iruñeko herri musikarekin lotura ere izan behar zuen”. Euskal herri musikaren elementu nagusietako bat lausotasuna dela ikusten zuten, modalitatetik hurbilago dagoela, tonalitatetik baino eta tonalitatea dagoenean maiorra edo minorra den oso lausoa da. Herri kulturan gauzak ez direla hain linealak eta zurrunak dio, "Jazzetik eta musika beltzetik helduta, Maurizio Elizalde batek edo Galtxetaburu batek melodiak nola neurtzen dituen ikusita musika beltzaren swingarekin lotzen nuen, baina gero konturatu naiz herri musiketan dagoen zerbait dela, inprobisaziotik beti gertuago egon direla herri musikak". Ezaugarri horietatik abiatu ziren lengoaia zehazten.

Jon Celestino
Jon Celestino, Iruinkokoaren aurkezpena Dantzagunearen ikasgela-birtualean, 2020-04-24.

Emaitza diziplina ezberdinen arteko negoziaketen ondorioa izan da, “Elkar ulertzeko tokia dantza edo jauziak izan dira. Musika sortu dugu dantzaren formari begira eta ez alderantziz. Hori negoziazio interesgarria izan da. Plazan osotasuna ikusten da, oso argi dago, ez zaio inori arrotza egiten, funtzionatzen du”. Iruinkokoak bere osotasunean ere talkaren bidez funtzionatzen duela dio: "Hain linealak ez izate hori polita zait, Iruinkokoak talkaren bidez, elipsiaren bidez... funtzionatzen du. Koska dago, antzerkia dago,... talka horiek, nire pentsamenduan hasieran ez nituen ulertzen, baina orain aberastasun nabarmen bezala identifikatzen dut".

Bazekiten Santa Ana bezalako plaza betetzeko soinu handi samarra behar zutela. Iruñean txarangen tradizioa aspaldikoa da. XIX. mendean kobrezko instrumentuak garatu zirenean, banda militarrak sortu ziren eta hortik banda txikiak, fanfarrean edo txarangak. New Orleansen sortu ziren txarangetako musikariek militarren uniformeei keinua egiten zien eta Iruinkokoko fanfarreak ere txantxa horri heldu dio, 1930eko hamarkadako CNTko milizianoek erabiltzen zituzten antzeko txapelekin irteten dira.

Iruinkokoa
Iruinkokoa, Iruñea, 2019-03-03. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Komunitatearen trinkotzea ekarri du Iruinkokoak. Celestinok dio Iruñean euskaldunen komunitatea txikia dela eta Iruinkokoaren bidez lotura politak sortu direla. Gainera prozesu eta talde osoa euskalduna denez, Iruinkokoa prestatzeko errepika guztiak euskaraz dira, “beste kontesturen batean euskara erabiliko ez dudan musikariekin euskaraz aritzen naiz”.

Aritz Ibañez: “Gramatika bat dugu eta gramatika horren bitartez esaldi berriak molda ditzakegu

Aritz Ibañez dantzariak azaldu du diziplinen arteko oreka hartu dutela kontuan dantzak sortzerakoan, “libertimenduetan oro har diziplina bakoitzak bestea laguntzen du”. Ibañezen esanetan, dantzak musikaria du lagun eta ezinbestekoa da denak hizkuntza berean aritzea. “Hizkuntza edo sistema bera partekatu dugu edo behintzat sistemaren bilaketa. Garrantzitsua da sistema bat edo gramatika bat dugula ikustea, gramatika bat dugu eta gramatika horren bitartez esaldi berriak molda ditzakegu”. Azaltzen du Urbeltz, Marian eta Argiako dantza-maisu eta lagunei ikasi dietela gure dantzetan eta erritualetan dauden metafora horiek deszifratzen saiatzearen garrantzia, gaur egun esanahi berriak eman ahal izateko.

Behe Nafarroako libertimenduetako jauziak eta Erriberako paloteadoetako makila-dantzak hartu dituzte eredutzat; “Biak arte dramak dira, gu geografikoki bien erdian kokatzen gara eta bietatik edan dugu. Makila-dantzak erabiltzen dira inauterietako zenbait esketan, baina jauziak ere nahi genituen eman. Saiatu gara jauziak ematea makilekin batera”. Jauziak borobilean egiten diren dantzak direla dio eta hori da plazaren forma, "ez dago aurrealde bat, borobilaren ertz guztiak dira aurreak. Hutsunea sortzen da hor, cromlech oteiziarra, gorde beharreko espazio bat". Koko zuriek eta beltzek bat egiten dute plazan, “Gorputz espresioa batek eta hitza besteak. Talka egiten dute, baina bestetik osagarri dira".

Iruinkokoa
Iruinkokoa, Iruñea, 2019-03-03. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Inauteri garaikide, moderno eta urbano moduan definitzen du Ibañezek Iruinkokoa. “Elkarte eta talde desberdinak daude iruinkokoaren oinarrian, baina talde eta elkarte horien artean badaude Iruñeko dantza talde desberdinetako dantzariak eta taldeetan ez zirenak ere”.

Entzule batek galdetu du ea eredu hau beste euskal hirietara esportatzeko moduko den eta Ibañezek formatu bezala esportagarria dela uste du, baina lekura egokituta, “Euskal kulturaren transmisiorako modu egokia da. Leku bakoitzak bere kodeak, pertsonak... erabili behar ditu. “Jendeak festa hori ikustean bere burua errekonozituta ikusi behar du”.

Oier Zuñiga: “Gaztetasunak badu bat-batekotasuna eta plazan edozer esateko ausardia”

Oier Zuñiga antzezleak dantza eta antzerkia diziplina ezberdintzat hartzen ditugula askotan dio, baina ez direla horren ezberdinak; "Gogora ekarri nahiko nuke, Maite Pascualek, Iruñeko antzerki ikertzaileak, XVII-XVIII. mendeetako antzerkia ikertu duenak bere tesian, azaltzen duela antzerkia eta dantza elkarrekin izan direla historikoki. Kalea animatzera etortzen ziren konpainiek denetarik egiten zuten, askotan guztiei danzanteak deitzen zitzaien".

Antzerkiak zerbait kontatzeko arrazoi bat behar du eta Zuñigak eta kideek uste zuten bazutela nahikoa gauza kontatzeko, "Libertimendu batek ahalbidetzen duena horixe da. urtean gordeta dauden gauzak esan ahal izatea komunitatearen babes kontestu batean". Mozorroaren ideia azpimarratzen du, “Urtean zehar esan ezin direnak esateko, mozorroa, maskara jartzen dugu. Horrek ahalbidetzen du gure sen intimoena, basatiena ateratzea”.

Hasieratik ikusten zuten Iruinkokoak ezin zuela Nafarroa Behereko libertimenduen kopia izan, Iruñera egokituta eta beraiengandik sortua behar zuen. Sorkuntza-prozesuan helduleku indartsu bat bufoiaren ideia izan dela kontatu du: "Bufoiari eskumena ematen diogu esan beharreko guztia esateko eta boterea zalantzan jartzeko”. Gainera bufoiak presente ditugula Euskal Herriko tradizioan dio; Zuberoan buhame eta kauterak, Otsagin boboa, Lapurdiko bizar-dantzako bizar moztailea... Bufoiaren edo clownaren funtzionatzeko logikarekin jolastu eta osatu dituzte koko beltzak, Erdi Aroan juglarea bihurtu zen horren haritik tiraka aritu dira.

Oier Zuñiga
Oier Zuñiga, Iruinkokoaren aurkezpena Dantzagunearen ikasgela-birtualean, 2020-04-24.

Dozena bat laguneko taldea osatu dute, “Gertakari sozio politikoez barre egingo duen taldea sortu behar genuen. Besteaz eta gure buruaz barre egiteko beldurrik ez duena”. Gaztez osatutako taldea behar zuela uste zuten hasieratik, “Gazteek plaza hartzea garrantzitsua da. Helduen komunitatera sartzeko erritua da. Gaztetasunak badu bat-batekotasuna eta plazan edozer esateko ausardia”. Ikusleen garrantzia ere nabarmendu du: "Komunitate batek bere burua identifikatuta ikusi nahi du, eta publikoa funtsezkoa da, komunitatea baita. Komunitaterik gabe ez dago antzerkirik, ez dago dantzarik, ez du bere funtzioa beteko".

Koko beltzak sortzerakoan bazuten beldurra, “Ematen du hirikoak gatz gutxiago dugula, ez garela horren basatiak edo zirtzilak”, baina demostratu dute hori ez dela horrela. Landa paisaia edota animaliekin jolastu beharrean paisaia hiritarrari heldu diote. Bestalde, landa inauterietan aurkitzen diren zirtzil tipoak edo kategoriak hautsi nahi izan dituzte; “Guk uste genuen maila sozial horiek guztiak nahastuago egin zitezkeela. Gauza berri bat sortzen ari ginenez eta erabilgarria izan behar zuenez, uste genuen bestelako identitateek egon behar zutela”.

Iruinkokoa
Iruinkokoa, Iruñea, 2019-03-03. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Gaiak, pertsonaiak eta situazioak mahai gainean jarri eta horien gainean jolasak eta inprobisazioak eginez sortu dute gidoia. Antzerkia eta inauterien arteko ezberdintasuna azaldu du: "Antzerkia aurrez antolatutako gauza bat da, prestatua eta badakiguna zertara goazen. Inauteriak ordea badu bestelako estruktura bat. Badago antolaketa bat, baina kaosa irudikatzen du eta espontaneitatea dago. Inauteri bat ikustera goazenean aurreikusi gabekoa gertatuko dela espero dugu. Azken ordura arte ez dago zehazterik guztiz, “Iruinkokoa behin bakarrik emango denez, tentsio hori mantentzeko, azken egunera arte ez dago erabat itxita plazan emango dugun hori”.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.