Dokumentuaren akzioak
Indarra eta Oñatz Polonian Lemko herriaren jaialdian
Gasteizko Indarra dantza taldea Poloniako Swiat Pod Kyczera nazioarteko folklore jaialdian da egunotan. Eta gaur bertan abiatuko da Poloniaruntz Oñatiko Oñatz dantza taldea. Indarrakoak uztailaren 3tik 9ra izango dira Polonian eta hortik aurrera Oñatzekoek hartu dute lekukoa. Oñatiarrak gaur abiatu eta hogeita hamar orduko autobus bidaiaren ondoren asteazkenean iritsiko dira; uztailaren 15era arte han izango dira.
Indarrako hogeita bi kidek hartu dute parte jaialdian eta astebetean, guztira, sei emanaldi eskaini dituzte. Harrera ezin hobea egin dietela azaldu dute. Oñatz dantza taldetik, berriz, hogeita zazpi dantzari eta hiru txistulari dira bidean. Datozen egunetarako bost emanaldi aurreikusten dituzte.
Swiat Pod Kyczera dantza jaialdia
Ekainaren 27tik uztailaren 14ra Swiat Pod Kyczera nazioarteko folklore jaialdia ospatzen du Lemko komunitateak Poloniako hainbat eskualdetan. Indarra eta Oñatz dantza taldeek euskal folklorearen erakusgarri den dantza sorta zabala prestatu dute nazioarteko jaialdi horretarako.
Festibaleko ikuskizunak Polonia hegoaldeko zenbait hiritan dira eta talde Lemkoez gain Lurralde eta hainbat kulturetako dantza taldeak batu dira. Bi euskal taldeekin batera Txina, Mexiko, Italia, Serbia, Lituania, Errumania, India, Ukrainia, Albania eta Eslovakiako... taldeak ere parte hartzen ari dira jaialdian.
Jaialdiaren bultzatzaile nagusienetakoa Jerzy Starzynski da, Lemko folklore ikertzaile eta koreografoa eta Kyczera dantza talde lemkoaren zuzendaria.
Dokumentuaren akzioak