Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Inauteri berrien zomorroaldia

Dokumentuaren akzioak

Inauteri berrien zomorroaldia

2022/02/09 07:00
Inauteri berrien zomorroaldia

Kokomarroak, Artea, 2021. Argazkia: Deiene Gurtubai

Gutxienez bi inauteri estreinatuko dira aurtengoan; Añorgan libertimendua prestatzen ari dira eta Elgetan koko-batzea. Aurten inoiz baino arrazoi gehiagorekin, badirudi izurritea uxatzeko moduetako bat izan daitekeela zomorroak edo kokoak kalera irtetea. Harremanak guztiz mugatu diren garai hauetan, hainbat belaunalditako herritarrak batu eta elkarlanean ari dira antolatzen festa; bai Elgetan, bai Añorgan komunitatea sendotzea, herria aktibatzea eta belaunaldien arteko transmisioa dira inauteri berrien helburu nagusiak.

Libertimendua izan da formula

"Añorgan garrantzitsua da belaunaldien arteko kontaktua. Nortasuna eta herri izaera mantentzeko, sendotzeko eta berreraikitzeko jarduerak egiteari beti eman izan diogu garrantzia" azaldu digu Gari Otamendi Añorgako dantzariak. Helburu horiek indartzeko libertimendua formula egokia zela ikusi zuten eta uda hasieratik horretan dabiltza. "Funtzionatzen duten ereduetatik edan dugu", Nafarroa Behereko libertimenduak, Iruñeko Iruinkokoa edota maskaradak izan dira heldulekuak. Otsailaren 26an, goizean zehar hiru barrikada egingo dituzte Añorga Txiki, Errekalde eta Pedro Jose auzuneetan, eta, gero, emanaldi nagusia Añorgako Harrobiaren plazan.

Añorga Libertimendua entsegua
Añorgako libertimenduko entsegua. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Guztira 80tik gora herritarrek hartuko dute parte libertimenduan: 30 dantzari, 25 haur dantzari, 9 musikari eta 2 bertsolari. Horrela, neguan komunitatea aktibo mantentzeko erronka bete da: "Pentsatu dugu zerbait sortzea auzotar asko nahasiko dituena. Egiten duten hori izan dadila disfrutatzekoa eta komunitatearen parte izateren harrotasuna emango diena". Aldi berean, inauterien funtsezko ezaugarriak diren kritikotasuna, askatasuna, transformazioa... bultzatu nahi izan dituzte, eta horretarako pertsonaiak, dantzak, musikak eta egoerak sortu dituzte.

Udan hasi ziren dantzak muntatzen eta pixkanaka joan dira gainerako atalak osatzen eta elkartzen. Antzezle edo zomorro lanetan auzotarrak arituko dira; Asier Sota aktorearen laguntza izan dute. Arkaitz dantzari taldeko dantzariak arituko dira dantzan eta dantza taldean aritzen eta aritu izan diren musikariak elkartu dira okasiorako. Plazan gertatzen ari dena Unai Gaztelumendi eta Asier Azpiroz bertsolariek kontatuko dute.

Añorga Libertimendua entsegua
Añorgako libertimenduko entsegua. Argazkia: Gari Otamendi - Dantzan CC-BY-SA

Hiru bloke nagusi izango ditu emanaldiak eta zati bakoitza dantzarekin hasiko da. Artzain inudeetako eskotix batekin makila txikien dantza, kaldereroetako abesti batekin mazurka eta Goizuetako zahagi-dantzaren melodiarekin makil handien dantza sortu dituzte. Horiez gain, Aranoko "Ni ez naiz zomorroa" melodiarekin umeentzako irri-dantza bat osatu dute. Helduen dantzetako aldairak Gipuzkoako urratsekin osatu dituzte eta gero hainbat makila-joko txertatu dituzte, "momentu batzuetan zailtasuna bilatu dugu, erronkarekin disfrutatzeko dantzariek. Prozesua polita izan da, taldean aritu gara sortzen".

Kokoak datoz 100 urteren ondoren

Hiru bat testigantza oso argi bazituzten elgetarrek duela 100 bat urte inauterietan koko janzten zirela eta koko-batzean joaten zirela etxerik etxe eta baserriz baserri. Hortik abiatuta, orain dela ehun urte egiten zen ohitura hori berreskuratzeko lanetan aritu dira Iban Aranzabal eta beste hainbat herritar. Goibeko Euskaltzaleen Topagunetik bultzatuta dokumentazioa batu, hitzaldiak antolatu eta jendea informatu eta konbentzitu dute. Otsailaren 19an irtengo dira koko-batzean. Baserriz baserri ibiliko dira mozorroak eskean eta soltean dantzan. Kokoekin batera Hartza edota sasikartia bezalako mozorroak ere ibiliko dira festan. Eredu gertukoena Eibarren dutela dio, haien esperientzia kontatu diete eta zenbait arropa ere utzi dizkiete.

Elgetako garai bateko karnabalen inguruan Ahotsak.eus-en jasotako testigantzek koko-batzearen garai bateko ikuspegia eskaini diete antolatzaileei.

"Ikusi dugu gaiak herrian sortu duela gogoa, indarra, jai giroa... momentuz ikusten da ondo irten daitekeela". Oraingoz 40 bat lagun elkartu dira, "gazteen jaia izatea nahi dugu, beraz umerik ez; 17 urtetik gorako gazte eta ez hain gazteak irtengo gara". 17-20 urte bitartekoak zuriz jantziko direla azaldu digu Aranzabalek, "nagusien mundura sartzeko ekintza iniziatiko moduan ulertu nahi dugu, beste herritan kintoekin egiten den moduan".

Koko jantziak
Koko-jantzien erakusketa, Elgeta. Argazkia: Iban Aranzabal

Inauterietako aitzakia aprobetxatu nahi dute hainbat adinetako jendea batu eta elkarren berri izateko, komunitatea josteko; baita, baserrietako bideak ezagutu eta baserritarren lana aitortzeko ere. "Uste dugu horrelako ekintzak onak direla bizikidetzarako. Herrigintza egiteko beste modu bat da".

Inauteriak loratzen

Tokiko inauteriak berreskuratu edota Euskal Herriko inauterietako zenbait ezaugarri hartuta berriak sortzen ari dira han eta hemen. Aurreko urtean esaterako, Arratia bailarako Artea herrian herriko zaharrei entzundako kokomarroak "berpiztu" zituzten. Larrabetzun duela lau urte hasi ziren herriko inauteriak indartzen eta Gerra Zibilaren ostean ezaguna zen Maskarita pertsonaia ateratzen. 2019an Iruñean Iruinkokoa izeneko libertimendua prestatu zuten eta aurten aterako dute hirugarren aldiz. Igorren ere inauterien inguruko hausnarketa saio batzuk egin dituzte eta tokiko inauteriak prestatu nahian dabiltza.

Kokomarroak. Arg. Deiene Gurtubai
Kokomarroak, Artea, 2021. Argazkia: Deiene Gurtubai

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.