Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Iñaki Serrada omendu du Baionako udalak

Dokumentuaren akzioak

Iñaki Serrada omendu du Baionako udalak

2019/09/09 09:10
Iñaki Serrada omendu du Baionako udalak

Iñaki Serradari omenaldia Baionako Udaletxean. Argazkia: Baionako udala

Iñaki Serradari Baionako urrezko domina eman diote euskal dantzan eta musikan egindako ibilbideagatik eta ekarpenagatik. Txistulariz eta dantzariz inguratuta omendu dute Serrada; Jean Rene Etxegarai alkateak eta Serrada lehendakari den Orai Bat dantza taldeko kideek egin diote harrera Baionako udaletxean. Serradak harremanetarako duen gaitasuna azpimarratu dute, transmisioan eta sorkuntzan eginiko lan nekaezina eta tradizio bizien mantentzean eginiko lana aitortu diote.

Iñaki Serrada omenaldia
Iñaki Serrada eta Jean Rene Etxegarai Baionako alkatea.

Txistulari, dantzari eta kultur bultzatzaile

Iñaki Serrada Lekunberrin jaio zen 1949an, baina berehala Donibane Garazira mugitu zen familiarekin. Bederatzi urterekin txistua ikasten hasi zen Jean Irigoienekin Garaztarrak dantza talde berriarentzat. Hamalau urterekin Baionara joan zen ikastera eta txistuarekin ere jarraitu zuen kontserbatorioan. Baiona Tttipiko Alai taldean hasi zen; tirabira batzuk medio talde hori zatitu eta Serradak Baionako Balichon auzoko Aurrera taldean ekin zion. 1971n, berriz, Baionako San Izpiritu auzoan sortu berri zen Orai Bat taldera sartu eta gaur arte bertan dihardu buru-belarri lanean. 

Ia mende erdiko ibilbidea egin du Iñaki Serradak taldeari eta Baionako kultur eta tradizioen indartzeari guztiz lotuta. 1980ko hamarkadaz geroztik Baionako euskal kulturaren suspertze lanetan aritu da Orai bat taldea. 1983an joaldunen taldea osatu zuten eta 1988an ziganteen eta buruhandien konpartsa. Baionako inauterien edota jai tradizionalen bultzatzaileetako bat da Serrada. Baionako bestetako Karrikaldi ekimenera ere loturik dago Orai Bat taldea.

Taldearen eta Iñaki beraren helburua Baionan euskal dantza, musika eta ohiturak irakastea eta zabaltzea izan da eta horretan ari dira, belaunaldi berriak euskal giroan hezteko ahaleginean. Txistu klaseak ematen edota Orai Batek antolatutako ekitaldiren gidari, hirurogeita hamar urte borobil gainean izanagatik ekinean jarraitzen du Serradak.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.