Dokumentuaren akzioak
ImproK, gorputza mugitu eta inprobisatzeko jolas pedagogikoa
Haurrekin dantza garaikidea lantzeko ImproK karta jolasa sortu berri dute Justine Marouzek eta Nuria Gomisek. Marouze dantzaria, pedagogoa eta dantza irakaslea da, eta bere ikasleekin sortzen zitzaizkion baliabide faltetatik abiatuta sortu du karta jokoa. Kanaldudeko Harri Salda programan Joana Olasagastiren eskutik izan dugu jolasaren berri. Sei bloketan banatutako 72 kartaz osatutako tresna egin du Marouzek, Nuria Gomise ilustratzailearekin elkarlanean. Karta sortaren bidez gorputza mugitzeko eta sorkuntza sustatzeko pistak edo pautak ematen dira.
Denak irabazle
Bereziki haurrei begira osatutako tresna da, baina dantza maite duen edonork erabiltzeko modukoa da. Kartek gorputz atalak mugitzeko proposamenak egiten dituzte. Erritmoa, espazioa, abiadura, pisua edota emozioekin jolasteko bultzada ematen dute. Parte hartzaileek zer mugitu behar duten, nola, norekin, non edota zein sentsazio bilatu behar dituzten adierazten dute pistek.
Jolas honetan ez da irabazten edo galtzen, askatasun osoz jokatu behar da eta posibilitate guztiak balekoak dira. Dantzan inprobisazioa lantzeko tresna da, edo koreografiak sortzeko ere balio dezake. Ez dago formula edo arau mugatzailerik, kartetan aurkezten diren azalpenak proposamenak besterik ez dira. Adin, maila, talde, espazio edo asmo ezberdinetara egokitzeko aukera ematen du. Helburua da jolastea, inprobisatzea eta dantzatzea.
Dokumentuaren akzioak