Dokumentuaren akzioak
Imanol Olaizola, Dantza Eskola Nazionala sortu nahi izan zuen gizona hil da
Euskal Dantzarien Biltzarreko presidente izan zen eta Euskadiko Orkestra sortu zuen Imanol Olaizola hil da 98 urterekin. Ibilbide ekintzailea izan bazuen ere, aitortzen zuen aurrera ateratzea lortu ez zuen proiektu kuttunen artean Dantza Eskola Nazionala zegoela. Antzerti martxan jarri zutenen artean zegoen, baina musika eta antzerkiarekin lortutakorik ez zuen dantzarekin aurrera eramaterik izan.
Hainbat elkarte eta erakundeetan aritu izan da lanean, besteak beste, Euskalerriaren Adiskideen Elkartean, Easo Abesbatzan, Eusko Ikaskuntzan, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean... Kimikaria eta musikologoa zen, baina dantzarekin ere lotura zuzena izan zuen. Euskal Dantzarien Biltzarraren sorreran parte hartu zuen eta elkarteko lehendakaria izan zen 1969 eta 1975 artean.
2010. urtean, Euskonews aldizkariaren 527. zenbakian egin zioten elkarrizketan ea gauzatu gabe gelditu zitzaion azpiegiturarik ba al zegoen galdetu zioten. Olaizolak baietz erantzun zuen, Dantza Eskola Nazionala. Hemen duzue, zehazki, erantzun zuena: "Bai, Dantza Eskola Nazionala, hain zuzen ere. Proiektuan gelditu nintzen. Ni Euskal Dantzarien Biltzarreko lehendakari nintzen Flandesko Errege Balletaren zuzendariarekin harremanetan hasi nintzenean. Harreman haietatik sortu zen Euskadin Dantza Eskola Nazionala eratzeko asmoa; baina Eusko Jaurlaritza antolatu ondoren egoera Orkestra sortzearen aldekoa izan bazen ere, ez zen halakorik gertatu Dantza Eskolarekin".
Euskadiko Orkestrak Olaizolari eskaini zion atzo Gasteizko Printzipal antzokian emandako kontzertua, eta gauza bera egingo du gaur Donostiako Kursaaleko kontzertuan. Olaizolaren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, 19:00etan, Donostiako San Bizente elizan.
Dokumentuaren akzioak