Dokumentuaren akzioak
"Ilunabarrean Dantzan" folk-dantzaldi zikloarekin hasi dira Gasteizen
Asteburuan izan da Gasteizko Oihaneder kafe antzokiko "Ilunabarrean Dantzan" zikloko lehenengo dantzaldia. Apirilera arte, hilean behin, folk-dantzaldiak izango dira igande iluntzetan Oihaneder-en. Era honetako dantzaldiak antolatzen dituzten laugarren urtea da aurtengoa. Dantza saioak dantzari batek eta Ander Zabaleta trikitilari gasteiztarrak gidatuko dituzte. Scottish, mazurka, bourré, chapeloise, circle circassien, bals, balsa, fandangoa, arin-arina... dantzatzeko aukera izango da saio guztietan, dantza-gidari bakoitzak proposatuko dituen beste hainbat dantzez gain.
Atzokoa izan da lau dantzalditan aurrenekoa, Josu Garate Eibarko dantzariak gidatutakoa. Ander Zabaleta trikitilariarekin batera, Fabien Bucher aritu da gitarrarekin eta mandolinarekin eta Imanol Zabaletak gaita, alboka, whistle eta panderoa astindu ditu. Ordu eta erdiko saioan, hamabi pieza inguru dantzatu dituzte; aurrez finkatutako dantzez gain, kalejira, kontra-dantzak, ainhoarrak eta hegi jauziak, Baztango zortzikoa edo ingurutxo bat dantzatzera animatu ditu Josu Garatek bertaratu diren dantzazaleak.
Datozen dantzaldiak Biarritzeko Agnes Ceccon, Gasteizko Imanol Zabaleta eta Elgetako Patxi Montero dantzariek gidatuko dituzte. Otsailaren 10ean, martxoaren 10ean eta apirilaren 7an izango dira, 19:00-20:30, Oihaneder kafe antzokian. Aforo arazoak direla eta dantzaldi hauetan parte hartzeko gonbidapena behar da; saio bakoitza baino hamar egun lehenago egongo dira eskuragai Oihaneder Euskararen Etxeko harreran. Lehenengo dantzaldirako ehun gonbidapen banatu dira eta denak agortu dira.
Urtarriletik martxora, dantzaldi-zikloak Soka erakusketarekin egingo du bat.
Ilunabarrean Dantzan
Dantzaldiak, 19:00-20:30 Oihaneder kafe antzokian.
- Otsailak 10, Agnes Ceccon (Birritz)
- Martxoak 10, Imanol Zabaleta (Gasteiz)
- Apirilak 7, Patxi Montero (Elgeta)
Dokumentuaren akzioak