Dokumentuaren akzioak
Zisneak dantzan jarrita bizikidetza bultzatu nahi du Iker Gomezek
Dantzaren bidez gizarte-balioak eta bizikidetza sustatzen dituen "Zisne eguna antzokian" proiektu eszenikoa osatu du Iker Gomezen dantza konpainiak. Dantza eta teknologia berriak publikoarekin konektatzeko tresna pedagogiko gisa aurkeztu dute proiektua Eszenaz, Azkuna Zentroko arte eszenikoen denboraldiaren barruan.
Irakasle espezializatu talde batekin batera garatu du Iker Gomez konpainiak proiektua, eta hiru zatitan banatu dute: dantza emanaldia Azkuna Zentroan, online tresna pedagogikoaren aurkezpena eta aurrez aurreko sormen tailerra ikastetxeetan.
"Zisne eguna antzokian" dantza pieza aurkeztuko du Iker Gomezen konpainiak azaroaren 26an 19:00etan, Azkuna Zentroko auditorioan. Ruben Cobas eta Xana Llaneza dantzariak izango dira oholtzan. Ikusleen, dantzariaren eta koreografoaren arteko solasaldia ere izango da. Sarrerak zentroaren webgunean daude salgai.
Eskolei zuzendutako dantza eta sormen tailerra ere prestatu dute. Ostegun goizean Juan Antonio Zunzunegui BHI eta Txurdinaga Behekoa BHI ikastetxeetan egingo dute. Asmoa da dantzaren bidez sormena garatzea, mugimenduaren praktika eta memoria koreografikoa landuta. Atal honetan, artistak koreografia zehatz bat ikastera gonbidatzen ditu parte hartzaileak, memoria koreografikoaren kontzeptuarekiko sarrera gisa.
Ikuskizuna eta tailerraz gain, proiektuaren 2.0 webgunea martxan jarriko da. Tresna horren helburua da dantzaren inguruko edukiak eta joko interaktiboak eskuratzeko aukera zabaltzea; online tresna pedagogiko bat aurkeztea, dantza bistaratzeko eta ikusle ororengana hurbiltzeko.
Fitxa artistikoa
- Jatorrizko ideia eta koreografia: Iker Gomez
- Dantzariak: Ruben Cobas eta Xana Llaneza
- Teknikaria: David Sanchez
- Web 2.0 diseinua: Digital Video Dance Art
Dokumentuaren akzioak