Dokumentuaren akzioak
Ibarrakalduren Zuberoako Maskarada Barakaldon
Inauteri aberats eta bitxi honetan drama eta umorea, dantza eta kantua uztartzen dira: batetik, pertsonaia ezagunenek —Zamalzain, Kantiniertsa, Txerrero, Entsenaria, Gatuzain— urrats ikusgarriak egiten dituzte euren dantzak garatu bitartean, eta, bestetik, Maskarada osatzen duten beste konpartsetako kideek (xorrotzak, maretxalak, kherestuak, kauterak eta buhameak) dantzan, kantuan eta barrea eraginez garatzen dituzte euren ofizioak, den-dena emanaldiko buruen begiradapean: Jauna eta Anderea.
Horrela, Barakaldon ere izango da ikusgai neguaren amaieran eta udaberriaren hasieran Zuberoako herrietan eskaintzen duten inauteria, Beurko-Bagatzako Ibarra-kaldu elkartearen eskutik, aurten ere beteko baitu azken urteotako bere egin duen legea: urtero Euskal Herriko inauteri tradizionaletariko bat Barakaldoko kaleetara eramatea. Azpimarratzekoa da ikuskizunean elkarteko kide guztiek parte hartuko dutela, zaharrenak eta gaztetxoenak barne, eta, bestalde, goizeko desfilearen nekea arintzeko, Beurko-Bagatza auzoko merkatarien eskerrona jasoko dutela geldialdi bakoitzean, jaki eta edarien bitartez.
Dokumentuaren akzioak