Dokumentuaren akzioak
Dantza asteburu berezia Elgetan: gaueko folk-dantzaldia eta 'valsas mandadas' ikastaroa
'A maquina de bailar' izena propio asmatu dugu dantzaldi honetarako, baina osatzen duten hiru musikariak eskarmentu handikoak dira Galiza eta Portugaleko musika eta dantza tradizionalaren eremuan: Cayetano Amenabar (zarrabetea), Sergio Cobos (soinua / perkusioa) eta Xandre Outeiro (zarrabetea / perkusioa).
Ordiziako Sustraiez Blai folk jaialdian joko dute arratsaldean (beste izen batekin), eta gauean Espaloian dantzaldia egitea eskaini diegu. Adi, baina: arratsaldeko emanaldian eta gauekoan joko duten musika ezberdina izango da.
Espaloian eskainiko dute dantzarako musika, ondo pasatzeko: Galiziako, Euskal Herriko eta Europako beste lurralde batzuetako dantzak, balsak, jotak, muñeirak, eskotixak, polkak, mazurkak, guretzat ezagunak diren chapelloise eta borobilak...
Beste bitxikeria interesgarri bat: Europa mendebaldeko folklorean eta folk-dantzan ohiko den baina gurean kasik erabiltzen ez den zarrabetea (edo zanfona) musika tresna goxoa, zuzenean dantzarako entzuteko aukera izango dugu.
Sarrera: 10,00 euro.
Igandean 'valsas mandadas' dantza tailerra
Sergio Cobos musikari, dantza-maisu eta dantza biltzaile galiziarra Portugaleko Alentejon bizi da azken urteotan. Bertako folkorea eta dantzak ikertu eta jotzeko aukera izan du. Bere bisita aprobetxatuta, igande goizean valsas mandadas delakoak erakustea eskatu diogu.
Valsas mandadas delakoak Alentejoko Grandola eskualdean gorde diren dantza bitxiak dira. Bikoteka korruan jarrita eta bals doinu baten gainean, gidari batek agintzen ditu urratsak, inprobisatuta. Neurri batean Iparraldeko jauziak ekartzen dizkigute gogora, itxura beretsuko sistemak baitira. Bals erritmoan eta jauzien agindu sisteman ohituta gaudenez, gertuko egingo zaizkigu.
Dantza bitxi hauek ezagutu eta probatzeko aukera, beraz.
- NOIZ: azaroak 11, igandea.
- NON: Elgetako Espaloia Kafe Antzokian
- ORDUTEGIA: 11.00 - 13.00
- PREZIOA: 10,00 euro
- IZENA EMATEA: www.herrixadantzan.com web gunean edo herrixadantzan@gmail.com helbidera idatzita.
- OHARRA: izena ostiralerako eman behar da asko jota. Taldea osatzen bada, tailerra egingo dugu. Bestela ez. Ordainketa bertan egingo da eskura.
Manda Adiante from Tiago Pereira on Vimeo.
Dokumentuaren akzioak