Dokumentuaren akzioak
Urrira atzeratu dute Hernaniko 25. Dantzari Festa
Aurten 25 urte beteko ditu Hernaniko Dantzari Festak, “ia dena prest genuen, baina atzeratu egin behar izan dugu”, azaldu digu Pepi Arrospide antolatzaileak. Apirilaren 20tik 26rako egitaraua osatua zuten. Azken urteetan aste kulturala antolatzen dute eta asteburuan borobiltzen dute, larunbatean dantzari txikien egunarekin eta igandean dantzarien festarekin. Euskal Herriko hainbat txokoetako dantza taldeak gonbidatzen dituzte Hernanira eta herriko eta auzoetako kaleetan dantzan ibiltzen dira. Denek batera bazkaldu eta iluntzera arte erromeria izaten da.
Aurtengoa urteurren borobila denez, Euskal Herriko 25 dantza talde gonbidatzeko asmoa zuten. Alarma egoera dela eta festa bertan behera utzi behar izan dute orain. Hala ere, zehaztu dute data berria: urriaren 19tik 25era.
Duela 25 urte
Arrospidek kontatu digu Luis Mari Parrondo eta Pepi Arrospide bera hasi zirela lehen Dantzari Festarekin. Parrondok egin omen zion proposamen Arrospideri, “gero, urte hartan Oñatin izan zen EDBk antolatutako Dantzari Eguna eta han geundela dena berotu eta horrela hasi ginen”.
Hasieran zazpi dantza talde gonbidatzen zituzten eta oholtza gainean egiten zuen bakoitzak bere erakustaldia. Pixkanaka festari dimentsio handiagoa ematen hasi ziren, talde gehiago gonbidatzen eta emanaldiak auzo eta kale guztietara zabaltzen. Azken urteetan 20-22 dantza taldek parte hartzen dute Hernaniko Dantzari Festan.
San Joan konpartsa
Ehun bat pertsonek osatzen dute egun San Joan konpartsa eta beraiek arduratzen dira dantzari egunaren antolakuntzaz. Aurten 29 urte beteko ditu konpartsak eta dantzari eguna ez da antolatzen duten ekimen bakarra. Urtean zehar badituzte zita garrantzitsuak; kaldereroak, inauteriak, sanjoanak, irailean Euskal Jaia eta santomasak. Bestalde astean zehar dantza ikastaroak ematen dituzte eta bi larunbatetik behin, kalez kale kantari ibiltzen dira eguerdian eta arratsaldean erromeria izaten dute. “Gu ez gaude geldirik egoteko, asko gozatzen dugu dantzan eta egiten ditugun harremanak ederrak dira”.
Dokumentuaren akzioak