Hemen zaude: Hasiera Albisteak Helduen dantza eta dantzaren heldutasuna

Dokumentuaren akzioak

Helduen dantza eta dantzaren heldutasuna

Oier Araolaza
2011/10/14 10:15
Azken asteotan, laurogei urtetik gorako dantzariak albiste izaten ari dira. "Oroitzen naiz ikuskizuna" batetik, berriki Andra Marik Intxaurragatar jotalariekin egindako grabazioa, dantzari beteranoen Gure Dantzak jaialdia... Dantzari helduak ikustea ez-ohikoa izan da zenbait urtetan eta zenbait testuingurutan, eta pena da, ongi ondutako dantzariak lanean ikustea plazer handia baita.

Ez dira gazteak adina aritzen, baina beteranoen dantza taldeak, helduen soka-dantzak, urteurrenak, eta bestelako ekitaldiak aitzaki hartuta, azken aldian han hemenka adinean gora doazen dantzariak bere dohainak jendaurrean erakusten erakusten ari dira.

Azken urteotan, Nafarroa eta Gipuzkoako zenbait taldetako beteranoak berriz ere elkartu eta helduen taldeak sortu dituzte, eta horren erakusgarri da Gure Dantzak jaialdia, irailean Tuteran ospatu dena eta dantzari beteranoen hamabost talde bildu dituena. 300 dantzari beterano bildu ziren bertan, 15 talde guztira, 13 nafarrak eta bi gizpukoarrak.

Zenbait herritan ohikoa da, urtean zehar egun seinalatu batean, dantzari helduak plazaratu eta beren emanaldia eskaintzea. Ondoko argazkian Añorgako Karmen eguneko beteranoen aurreskua ikus daiteke, Josema Mendiola esku aldatzeko doinua dantzatzen ari den unean.

Josema Mendiola - soka-dantza Añorga 2009

Jean Nesprias (84 urte), Filipe Oihanburu (90 urte) eta Koldo Zabala (75 urte) dantzariek eskaini berri duten Oroitzen naiz ikuskizunak taula gainean jarri du adineko dantzarien gaia, eta hain zuzen, gorputzaren bilakaera eta dantzakeran horrek dituen ondorioak izan dira Mizel Theretek, ikuskizunaren koreografoak, landu nahi izan duen gaietako bat emanaldi horrekin. 

Oroitzen naiz: Jean Nesprias - Philippe Oyhamburu - Koldo Zabala

Dantzari buruz ditudan umetako oroitzapenen artean bada bat adinean aurrera doazen dantzariak protagonista dituena. Mutil koskorra nintzela gogoratzen dut Garaiko dantzariak etorri zirela dantzara Eibarrera. Ez ziren gaztetxoak ez, hirurogei urtetik gorako ile urdindutako gizonak ziren. Ordura arte nire tankerako mutilekin lotzen duen dantza sorta bera, dantzari-dantza dantzatu zuten, serio, indarrez eta graziaz dantzatu ere. Gerora Durangaldeko ezpata-dantzarien egunean edo Iurretan, bost urtetik behin egiten den Urrijenan, ikusi ditut gizon zailduak dantzari-dantzan. Egunotan, Galdakaoko Andra Mari taldeko Kepa Artetxe, 70 urteren bueltan dagoela, alaba Soiartzekin jotak dantzatzen ikustea ikuskizun zoragarria da.

 

Oraintsu ere, Argia taldearen Axuri-beltza 40. urteurreneko emanaldian, Juan Antonio  Urbeltz bera 70 urteen bueltan hau ere buru zela, dantza-maisuek dantzatu zuten jauzia jaialdiko une ederrenetarikoa izan zen.

 

Iaz, Dantzan Ikasi egitarauan Xabier Etxabek Zarauzko folkloreari buruz eskainitako saioan, adinean aurrera doazen dantzarien inguruan aritzeko tartetxo bat hartuz nuen. Amuña aipatu zigun Xabierrek, baina baita beste hainbat ere, eta "aitondutako dantzarien xarma eta dantzakera ereduen aldaketak" jorratu zituen.

1920ko hamarkada Eibar Amuna 3021

Helduen dantzakera hori jasotzen ahalegin handia egin dute zenbait taldek, eta Galdakaoko Andra Marik oraingoan ere ekarpen ederra egin digu Intxaurragatarrak dantzan jarrita kamera aurrean.

 

 

Intxaurragatarren irudi horiek ikusita, Haritz Arrieta Elgoibarko dantzariak honakoak esan dizkigu bere Joxe aitona Jose Odria gogoan hartuta: "Nere aitxita Joxe gogorarazten ditx bideo honek. 90 urte ondo beteta zauzkanian ere (azkenengoz ixa 95ekin), trikitixa entzun orduko iliak tente jartzen jakozen eta jaiki eitten zan. Sasoian ez zauan, baina erritmua ondo markatzen zaban, hankia bihar zan momentuan jasotzen bakarrik, ez lehenao ez geruo. Hor dao klabia!"

XX. mende hasieran izan ziren 70 urtetik gorakoentzat aurresku txapelketak, eta adineko dantzariak ikuskima sortzen zuten. Azken aldian gorputz gaztearen tentetasuna baretzen, baina erritmoaren, dantzaren graziaren eta dantzarako senaren dohainak bizi-bizi dituzten dantzari helduak ikusteko aukera izatea zorte handia da.

Eta adineko dantzariak aipatuta, ezin ahaztu Jean Michel Guilcherri zor dizkiogun irudi zoragarri hauek, 1960ko hamarkada bukaeran Zuberoan hartutakoak. Alexis Picotchet eta Pierre Üthurry,  80 urte batak eta 79 besteak, Zuberoako dantzetan dantzari bikainenetakoa izandakoak, Aitzina Pikha dantzatzen.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Helduen dantza eta dantzaren heldutasuna

1920ko hamarkada. Jose Lorenzo Pujana, aitonduta, Añorgako dantzari txikiekin emanaldi baterako prest. Argazkia: Kutxa Fototeka.