Dokumentuaren akzioak
Heldu dira joare hotsak
Urtarrileko azken igandearen osteko astelehenean ateratzen dira karrikara Ituren eta Zubietako joaldunak. Ttuntturroak, ardi larruak eta joareak jantzi eta pulunpeak astinduz Ezkurra errekaren bazterreko bidea zeharkatzen dute.
Ez dira ezaugarri horiek berak (kapela konikoak, larruak, joareak...) dituzten pertsonaia bakarrak. Han eta hemen, europa osoan zehar kasik, esanen genuke, badituzte gisako senideak, "lehengusuak" edo. Ikusgarrienetakoak Sardiniako Mamoiada herriko Mamuthones izenekoak.
San Anton egunez (urtarrilaren 17an) ateratzen dira kalera Mamuthones-ak. Larru beltza daramate soinean, maskara beltz beldurgarria aurpegian eta ezkila multzo ikaragarria bizkarrean. Ituren eta Zubietako joaldunek bezala bi iladetan egiten dute aurrera eta Nafarroako pertsonaiek jotzen duten moduko gerri-kolpea emanez dantzarazten dituzte joareak, modu ikusgarrian. Ondoan Issohadores izeneko beste pertsonaia batzuk dituzte lagun.
Zamarracoak Silion
Gugandik hurbilago, Silion, Kantabrian, badira ttuntturroa, ardi larrua eta joareak daramatzaten beste pertsonaia batzuk, Zamarracoak. Hauek La Vijanera izeneko inauteriko pertsonaia ezagunenak dira. Urtarrileko lehenbiziko igandean ospatzen dute inauteria Silion. Bertan, Zamarracoak binakako lerrotan aurrera eginez jotzen dituzte haien pulunpe handiak. Ituren eta Zubietako joaldunekin duten antzekotasuna ukaezina da.Dokumentuaren akzioak